EUSKARALDIA
Euskaraldia euskararen erabilera aktibatzeko mugimendu soziala da.
Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen hizkuntza-ohiturak aldatzeko mugimendu soziala da, Euskal Herri osoan eragiteko sortua. Mugimenduak herritarren hizkuntza-praktikak aktibatu eta euskararen erabilera handitu nahi du, eguneroko harremanetan euskara lehenetsiz eta 11 eguneko praktika sozial masibo bateratu baten bidez.
Euskaraldiaren helburuak zabaltzeko unea iritsi da: ez da soilik ariketa egun horietara mugatzen den dinamika, euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua elikatu eta gizartean errotu nahi duen ekimena baizik.
Beste era batera esanda, Euskaraldiaren helburu nagusia hizkuntza-ohituren inertziak astindu eta herritarrek euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematea da, eta, horrez gain, entitateek ere euskaraz bizitzeko aukerak eta neurriak hartzea sustatu nahi da. Euskaraldiak, modu kolektibo eta sozial batean, tokian tokiko euskalgintza aktibatzea eta elkarlanean aritzea ahalbidetzen du, euskaraz bizitzea posible egingo duten neurriak eta espazioak sortuz.
ZER PROPOSATZEN DU ARIKETAK?
Ariketak proposatzen duena da parte-hartzaileek bi hizkuntza-portaera erabiltzea haien eguneroko elkarrizketetan:
LEHEN HITZA, BETI, EUSKARAZ EGIN
Ezagutzen ez duzun horri galdera bat egin nahi diozunean, edo denda edo taberna batera zoazenean, zein hizkuntza erabiltzen duzu lehen eskaera egiteko? Pentsatu gabe egiten dugunean, uste baino sarriago, erdarara jotzen dugu.
Bada, lehen hitza euskaraz egiteko ohitura hartuta sorpresa on asko jasoko ditugu eta euskarari bide asko zabalduko dizkiogu, ziur!
ERDARAZ ERANTZUTEN DIGUTENEAN ERE, EUTSI EUSKARARI!
Euskara ulertzen duen horrekin, zergatik ez euskaraz hitz egin? Berak erdaraz erantzun arren, elkar ulertzen badugu, jarrai dezagun euskaraz hitz egiten (elkarrizketa elebidunak -batek euskaraz eta besteak erdaraz- eduki, alegia).
Bide batez, azaldu euskaraz ulertzen duen orori, Euskaraldiak irauten duen 11 egun horietan, behintzat, zuk euskaraz egingo diozula!
EUSKARALDIA ONDOKO HELBURUEKIN SORTU DA
Hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea, euskarazko hizkuntza praktikak hedatzeko eta denboran zehar errotzeko
Norberaren hizkuntza portaera eta ohituren inguruan gogoeta eragin eta aldaketan lagungarri izatea
Entitateek euskaraz bizitzea ahalbidetuko duten neurriak sustatzea
Gizarte aktibazioa, ariketa kolektibo baten bidez
Herriz herriko euskaltzaleen artikulazioa bultzatzea
Euskararen aldeko eragileak ekimen bateratu baten bueltan antolatzea
Euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua elikatzea
2018
Lehen Euskaraldia 2018an gauzatu zen, Euskal Herri guztiko ehunka herrietako milaka parte hartzailerekin.
2020
Bigarrena 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra burutu zen. Covid-19aren pandemiak baldintzatutako edizioa izan bazen ere, ehunka herri eta milaka entitate zein herritarrek hartu zuten parte ariketan. Edizio honetan sortu ziren lehenengo ariguneak.
2022
Hirugarrena 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egin zen; berriz ere, Euskal Herri guztiko milaka parte hartzailerekin.
2025
Euskaraldiaren 4. edizioa 2025ean egin da. Aurreko hiruak ez bezala, udaberrian izan da, maiatzaren 15etik 25era.
ANTOLATZAILEAK
EUSKARALDIAren koordinazioa Euskal Herriko erakunde publikoen eta Taupa euskaltzaleen mugimenduaren arteko elkarlanean gauzatzen da.
Taupa euskaltzaleen mugimenduaren kudeaketapean, Euskaraldiaren koordinazio mahaia osatzen dute Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Nafarroako Euskarabideak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Elkargoak.
Esan gabe doa, koordinazio mahaiaz gain, euskalgintzako gainerako eragile, herrietako batzorde, boluntario eta entitaterik gabe ezinezkoa litzatekeela Euskaraldia Euskal Herriko txoko eta bazter ezberdinetan gauzatzea.
EUSKARA AKTIBATZAILEEN
GIDA-LIBURUA
Euskaraldiak mugimendua behar du, 11 egunetako ariketa eraginkorra izango bada, aurrez prestatu behar dugu, antolatu behar gara, mugimendua sortu behar dugu.
Herriz herri eta auzoz auzo, ehunka batzorde sortzen dira, eta batzorde eta talde horiek saretzeko eta sendotzeko gida praktikoa sortu du Euskaraldiak. Gida honen laguntzarekin batzordeetara jende berria gerturatu, daudenak indarberritu eta berriak sortu nahi ditugu, bakoitzak bere esku dagoena egiteko lekua izan dezan.
ZER DA EUSKARALDIA? ERDALDUNENTZAT AZALPEN ESKUORRIA





