• Ikastolen Elkarteak hiru atalez osatutako unitate didaktikoa sortu du. Lehena, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleekin lantzekoa da; bigarrena, DBHko ikasleekin; eta hirugarrena,  Batxilergoko ikasleekin landuko dute.
  • AEKk sortutako material didaktikoa Helduen Euskalduntzearen Curriculumak dituen mailen arabera antolatuta dago, eta aurrez aurreko ikaskuntzan zein autoikaskuntzan ari diren ikasleentzat diseinatu dute.
  • Irria aldizkariak Euskaraldiaren inguruko monografikoa egin du. 2-8 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta koloretako 44 orri ditu.

 

Euskaraldiaren ildora, unitate didaktiko parea sortu dute Ikastolen Elkarteak eta AEKk.  Horrez gain, Irria aldizkariak, ariketa soziala ardatz, ale monografikoa egin du. Hori dela eta, Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu dute materiala, Aek-ko, Ikastolen Elkarteko eta Irrien Lagunak elkarteko ordezkariek Euskaraldia: 11 egun euskaraz egitasmoaren koordinatzaileekin batera.

 

Arrate Illarok, Euskaltzaleen Topaguneko kide eta Euskaraldiaren koordinatzaileak, azaldu duenez, unitate didaktikoak ikasleei Euskaraldiaren berri emateko helbururekin sortu dira. Horrela bada, hizkuntza ohituretan eragiteko xedea duen ariketa soziala hezkuntzaren didaktikatik ezagutu eta lantzeko aukera izango dute.

 

Koldo Tellituk, Ikastolen Elkarteko lehendakariak, hezkuntzan ilusio eta gogoarekin lanean ari direla azaldu du. Tellituren hitzetan, horren ondorio da Ikastolen Elkarteak sortu duen unitate didaktikoa: “Hezkuntza talde garen heinean, argi izan dugu ekarpen berezi bat egin behar geniola Euskaraldiari. Ekarpen horren emaitza dugu unitate didaktikoa; hobeki esanda, bat baino, hiru dira, hiru unitate didaktikoz osatua baitago, adin talde eta etapa desberdinak aintzat hartuta”.

 

Ikastolen Elkarteak hiru ataletan banatu daitekeen unitate didaktikoa sortu du. Lehena, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleekin lantzekoa da. Bigarrena, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleekin lantzekoa. Hirugarrena, Batxilergoko ikasleek erabiliko dute. Unitate didaktikoaren helburu nagusia Euskaraldiaren berri ematea da, eta horrela, parte hartzea sustatzea. Materialak girotze eta hurbilpen ariketa egin nahi du euskararen erabileraren areagotzea lortu aldera.

 

Euskaraldia 16 urtetik gorakoentzat bideratutako egitasmoa izateak ez du esan nahi 16 urte bete ez dutenek funtzio garrantzitsua bete ezin dezaketenik, horregatik, Ikastolen Elkarteak prestatu duen materialean bada berezitasunik. Soka beretik, Irrien Lagunak elkarteko kidea den Garazi Urrusolok argi dauka haur eta gaztetxoek helduengan eragiteko daukaten gaitasuna eta sinesmen horretatik jaio da Irria aldizkariko monografikoa. Urrusolok azaldu duenez: “Euskaraldiko haur eta nerabeen lantaldetik, sustatzaile papera eman nahi izan diegu. Hau da, haien inguruko helduen xaxatzaile bihurtu daitezen nahi dugu. Modu honetan, ahalik eta jende gehien Euskaraldira erakartzeko helburuarekin”.

 

“Hau guztia horrela, Irrien Lagunak-ek ere bere aletxoa jarri nahi izan du Euskaraldiaren baitan haurrei dagokien lanketan. Eta, horretarako, Irria aldizkariaren Euskaldiaren inguruko monografiko bat ekoitzi dugu”. Biek, elkarlanean, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako unitateetan txertatzeko moduko materiala sortzea erabaki zuten. Urrusolok azaldu du dagoeneko kalean den aldizkariaren emaitza: “aldizkaria unitatera molda zedin, egokien iruditu zitzaizkigun 4 atal aukeratu genituen: Eider Eibar eta Miren Amurizaren Lagun komikia, Unai Elorriaga eta Julen Tokeroren Pirritx, Porrotx eta Marimotots ipuina, Miren Agur Meabe eta Eider Eibarren Txoko Txiki Kuttuna ataleko olerkiak eta Joseba Ponceren Haur kantak atala”.

 

Mertxe Mugikak, AEKko koordinatzaileak, elkarlana eta auzolana azpimarratu ditu “guztion beharra baitago euskararen geroa ziurtatzeko bidean”.  Adierazi duenez, “Euskaraldia dugu elkarlanaren eta auzolanaren eredu on bat, gizarte eragilekok eta administrazioa batera, norabide berean lanean”. Hori dela eta, dioenez, “hasieratik izan dugu argi ekimena sustatzeaz gain, bestelako ekarpen batzuk ere egin behar genizkiola ekimen honi, eta bide horretan, besteak beste, gure webgunean aurkitu dezakezuen gida bat ere kaleratu dugu.” AEKk sortu dituen material didaktikoak Helduen Euskalduntzearen Curriculumak dituen mailen  arabera antolatuta daude: A1, A2, B1, B2 eta C1. Mugikaren hitzetan: “ikasle guztiei erantzuna emateko egin ditugu eta, jakina, ikasteko prozesuaren barruan  aurrez aurreko mailetan zein autoikaskuntzan dabiltzan ikasleekin erabiltzeko pentsatuta daude”.

 

Amaitzeko, Miren Dobaranek, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak, lankidetza azpimarratu du, eta azaldu material guztia ikastetxe eta eskola guztien esku egongo dela, baita, AEK euskaltegietan, zein www.euskaraldia.eus atarian ere.