Sei finantza entitatek urrats berriak emango dituzte Euskaraldian2022.07.28

Entitateak ari dira jadanik azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo den Euskaraldiaren hirugarren ediziora batzen. Ariguneak osatuz euskara erabiltzeko espazio erosoak sortuko dituzte era guztietako erakundeek eta asko ari dira gune horiek prestatzen. Aurten Euskaraldiak erabileran urratsak emateko erronka berriak lantzea proposatu die entitateei eta horretan dihardute hainbat eta hainbat.

Ariketa sozialaren hirugarren edizioa abiatzeko lau hilabete eskas falta direla, sei finantza erakundek Euskaraldiaren aurreko ekinaldietan izandako lorpenak eta aurtengo udazkenerako dituzten erronkak aurkeztu dituzte Bilbon egindako agerraldian. Bankoa-ABANCA, BBVA, CaixaBank, Nafarroako Rural Kutxa, Kutxabank eta Laboral Kutxako ordezkariek Euskaraldian parte hartzeko konpromisoa berretsi dute eta erakunde bakoitzak dituen helburuak azaldu dituzte  Euskaraldiko koordinatzailearekin eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin egindako ekitaldian. Finantza entitateetako langile eta bezeroen artean euskara harreman-hizkuntza izan dadin entitateok dituzten planak aintzat hartuta, Euskaraldiak ematen ari diren urratsak ikusgarri egiteko aukera ematen diela nabarmendu dute agerraldian parte hartu dutenek.

Ariguneak, euskara erabiltzeko gune erosoen garrantzia

Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan egin den agerraldia baliatu dute Euskaraldiaren antolatzaileek era guztietako entitateei gonbitea egiteko aurtengo Euskaraldian parte hartu eta ariguneak osatu ditzaten. Izan ere, bi urtez behin egiten den ariketa sozialean hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzea da helburu nagusia eta, horretarako, oso garrantzitsua da euskara erabiltzeko gune erosoak sortzea. Gune horien sorreran erakunde, enpresa, elkarte zein era guztietako eragileek ekarpen garrantzitsua egin dezaketela gogoratu dute ekimenaren antolatzaileek.

Ariguneek hizkuntza ohituren aldaketan eta euskarazko praktika linguistikoen areagotzean duten garrantzia azpimarratu dute Euskaraldiaren antolaketan parte hartzen duten erakundeetako ordezkariek. Euskara erabiltzeko gune babestuak izateak erabilera errazten duela nabarmendu da aurreko edizioetako balorazio eta ikerketetan.

Gizartean eragin handia duten erakundeak

Arlo sozioekonomikoan eragin nabarmena duten erakundeek euskararen erabilera bultzatzeko eragile garrantzitsuak eta bide erakusleak izan daitezkeela adierazi du Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak. Horregatik, eskerrak eman dizkie finantza entitateetako ordezkariei beraien erakundeetan erronka berriak proposatzeko eman duten urratsarengatik. Ildo beretik, finantza erakundeek Euskaraldiarekin bat egiteak duen garrantzia nabarmendu du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak. Finantza erakundeen eragin esparru zabala, herritarrekin duten harreman zuzena, gizartean duten errotzea eta ariguneak bisualizatuz langileen artean euskarazko harremana sustatuz izan dezaketen eragina azpimarratu du Zupiriak. Era berean, bereziki hiriguneetan bete dezaketen rol garrantzitsua nabarmendu du.

Entitate finantzario guztietako ordezkariek hartu dute hitza agerraldian. Bankoa-ABANCAko ordezkari Ana Urkizak Euskaraldiak bankuari “naturaltasuna eta onarpena” ekarri duela azpimarratu du. “Batetik, banketxe bezala euskara harreman-hizkuntza izateko egiten ari garen lanari ikusgarritasuna eman dio. Bestetik, egiten ari garen lana naturaltasunez bizi ahal izan du bezeroak, naturaltasunez onartuz euskaraz gauzatzen den harremana. Eta azkenik, eskenatoki ireki bat eskaini digu Euskaraldiak, zeinetan bai banketxeak eta bai bezeroak euskaraz naturaltasunez aritzeko plaza bezala identifikatu ahal izan duten banketxea”. Euskaraldiaren hirugarren ediziorako ariguneak areagotzea eta bankuaren eta bezeroen arteko euskarazko harremanen naturaltasuna lantzen jarraitzea daudela aipatu du Urkizak.

Ildo beretik Laboral Kutxako ordezkari Nuria Agirrek aipatu du duela bi urte 500 lankide baino gehiagok parte hartu zuela Euskaraldian ahobizi edo belarripres gisa eta guztira 150 arigune osatu zituztela. Ariketa sozialak “lankideon sentsibilizazioan eragiteko, hizkuntza-ohitura batzuk aldatzeko, euskaldunak bistaratzeko eta  bezeroekin eta lankideekin euskaraz gehiago egiteko” balio izan ziela azaldu du Agirrrek. Hirugarren ediziorako erronka nagusi modura ondokoa aipatu du: “ariketa etorkizunerako entrenamendua edo oinarria izatea, abenduaren 3tik aurrera ariguneek jarraitu dezaten”.

Nafarroako Kutxako ordezkari Iratxe Sainzek ere norabide berean azpimarratu zituen aurreko edizioaren esperientziak eta udazkenerako erronkak:  “2020ko Euskaraldiak jarrera aldaketa bat ekarri zigun bai gizartera eta baita Rural Kutxara. Egun horietan zehar euskararekiko egin genituen ekimenak eta hartu genituen ohiturak egunerokotasunean finkatzea dugu helburu”.

Kutxabank-eko ordezkari Jaione Lamyk Euskaraldiak esperimentaziorako emandako aukera paregabea azpimarratu du: “Esperimentaziorako aterki edo babesgune bat eman digu, eta aukera eman digu ikusteko lana euskaraz ere egin ahal izateko gainditu beharreko zailtasunak zeintzuk diren, bai norberak, eta baita erakundeak berak ere”. Ariketak gainera “euskarazko ezagutza kudeatzetik erabilera kudeatzera pasatzeko markoa erraztu” dio erakundeari.

Caixabank-en helburuen artean “gizartean eta arlo sozioekonomikoan euskara normalizatzea” dagoela azaldu du erakundeko ordezkari Igor Goienetxek, “euskara eta gaztelaniaren arteko berdintasun sozial handiagoa lortu nahi dugulako, hizkuntzen eta hiztunen elkarbizitza helburua” aintzat hartuz. Erakundeak ekimenaren helburu nagusiarekin bat egiten duela azpimarratu du: “langileon zein bezeroen hizkuntza ohiturak aldatzea eta euskararen erabilera handitzea”.

BBVAko ordezkari Ana Teresa Bengoak Euskaraldiarekin bat egiten dutela azaldu du, euskararen erabilera sustatzeko duten konpromisoa nabarmenduz, “gure bezeroei zerbitzurik onena eskaintzeko eta gizarte integratzaileago bati ekarpena egiteko”.

Entitateek izena emateko epea zabalik

Maiatzaren 18tik dago zabalik epea era guztietako entitateek Euskaraldian parte hatzeko izena eman dezaten. Euskaraldiaren bigarren edizioan izena eman zuten entitateak beraien parte hartzea berresten ari direla eta entitate berriak batzen ari direla azaldu dute ekimenaren antolatzaileek. Ariguneak sortzen ari diren entitate guztiei gogoratu diete ariguneak.euskaraldia.eus/izen-ematea webgunean eman edo berretsi dezaketela izen-ematea. Era berean, herritarrek irailaren 28tik aurrera ahobizi edo belarriprest roletan izena emateko edo parte hartzea berresteko aukera izango dutela azaldu dute.

Euskaraldia urrats eta lorpen ugariren gehiketa izan da aurreko edizioetan. Hirugarren edizioan ere proposamen hori egingo zaie parte hartuko duten entitate eta herritarrei: euskararen erabilera areagotu eta hizkuntza ohituretan aldaketak egiteko erronka konkretuak jar diezaizkietela beraien buruei. Erronka guzti horien baturatik gizartean aldaketa eragitea da antolatzaileen helburua, hizkuntza praktikatan eragitea.

Informaziorako

Jarrai gaitzazue sareetan