PROPOSAMEN DIDAKTIKOAK
Indargunea helduengan jarriko bada ere, hamaika egunez, 2025eko maiatzaren 15etik 25era, haur eta gaztetxoekin girotze eta hurbilpen ariketak egin daitezkeela pentsatu dugu. 16 urtetik beherakoek Euskaraldian xaxatzaile izatea proposatzen dugu, hain zuzen ere, inguruan eragina sortuz eta Euskaraldiaren parte sentiaraziz. Gaztetxoek helduen hizkuntza ohituretan eragiteko ahalmena eta haien euskararen erabilera sustatu nahi ditugu. Izan ere, etorkizuneko euskal hiztunak gaurtik prestatzea ezinbestekoa da.
Material didaktikoak hiru adin tartetan banatuta daude ariketak eraginkorragoak izan daitezen: Altxa! (3-9 urte), Dantza! (9-12 urte) eta Jalgi! (12-16 urte).
Material hau, Euskal Herriko Ikastolak elkartearen koordinaziopean,
bertako profesionalen ekarpenak jasoz, Euskaraldirako egindako lan kolektiboa da.
Haur eta gaztetxoekin lanean hasteko prest? Egin dezagun bidea elkarrekin!
Aukeratu adina eta ikusi jarduera guztiak!
ALTXA! (3-9)
DANTZA! (9-12)
JALGI! (12-16)
ZER PROPOSATZEN DU ARIKETAK?
Material didaktikoak hiru ataletan antolatuta daude: Euskaraldiaren aurretik egiteko jarduerak, Euskaraldian zehar egitekoak eta Euskaraldiaren ondoren gauzatzekoak:
1. EUSKARALDIAREN AURRETIK
Euskaraldiaren aurretik gaztetxoek euren inguruko hizkuntza aniztasunaz arituko dira eta euskararen erabilerari buruzko hausnarketa egitea proposatzen da. Horrekin batera, ikastetxea girotu eta etxekoak Euskaraldian parte hartzera edo hura ezagutzera xaxatuko dituzte.
2. EUSKARALDIAN ZEHAR
Euskaraldiak iraungo duen bitartean, gaztetxoen euskararen erabilera aztertu eta areagotzeko jarduerak eta euskararen inguruko diskurtsoetan lehen hurbilpena egiteko proposamenak egiten dira.
3. EUSKARALDIAREN ONDOREN
Euskaraldiaren ondoren, Euskaraldian zehar egindakoaz eta bizitakoaz hausnartu eta ikastetxeak antolatzen dituen ekintzetan edo taldeetan parte hartzera gonbidatuko zaie, bai eta aurrera begirako konpromisoak edo erronka txikiak hartzera ere.
Euskaraldiaren inguruan egindako jardueren eta bizitako egoeren inguruan hausnartzeko atal bakoitza “Hamaiketakoa” izeneko jarduerarekin ixtea proposatzen da.
Azkenik, adin tarte ezberdinak elkartuko dituen kidetzeak ahalbidetzea proposatzen da, baldin eta ikastetxearen antolaketak halakorik ahalbidetuko balu. Egia esan, kidetzeak tresna eraginkorra dira, irakasleez gain, ikasle gazteenek euskaraz aritzeko erreferenteak izan ditzaten eta ikastetxe gisa talde izaera indartzeko.





