- Ikastetxe eta bestelako zentrotan Euskaraldia lantzeko proposamen didaktikoak aurkeztu dituzte
- Ikastolen Elkarteak, Euskaraldiko lantaldearekin batera, osatu du proposamena
- Euskararen erabileran jauzi bat egiteko proposamena eramango dute ikasleek etxeetara, gurasoen eta inguruko helduen “xaxatzaile” izanda
Errenteria. 2025.02.05. Euskaraldian parte hartzeko oinarrizko baldintzak euskara ulertzea eta 16 urtetik gora izatea dira. Baina, 16 urte azpiko herritar gazteek ere zeresan itzela dute euskararen biziberritzean, orokorrean; eta erabileran, bereziki. Garrantzi hori aintzat hartuta, Euskaraldia lantzeko haur eta gaztetxoei zuzendutako proposamen didaktikoak ondu dituzte. Euskaraldiko lantaldeak Ikastolen Elkarteko kideekin elkarlanean prestatu dute ikastetxe zein bestelako zentroetan ariketa lantzeko materiala, eta proposamen didaktiko horiek aurkeztu dituzte, gaur, Errenteriko Lekuona fabrikan. Bertan parte hartu dute, Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak; eta Xabi Lasa Ikastolen Elkarteko Hizkuntza Egitasmoetako mahaiburuak, eta Inma Muñoa Ikastolen Elkarteko hizkuntza egitasmoetako kideak. Esan bezala, maiatzaren 15etik 25era egingo den ariketan, 16 urtetik gorako belarriprest eta ahobiziek eman dezakete izena, izan ere, Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak esan duenez, “uste dugu ariketa honek helduak interpelatu behar dituela, gaztetxo horien aurrean eredugarri izan daitezen”, baina, horrek ez du esan nahi haur eta gaztetxo horiek Euskaraldian ez dutenik egiteko garrantzitsurik. Euskaraldiaren helburua euskararen erabilera areagotzea da, euskara erabiltzeko aukerak biderkatuz eta hizkuntza ohiturak aldatuz euskaraz gehiago aritzeko. Hori lortzeko, herritar guztiei lehen hitza euskaraz egitea proposatzen die ariketak; eta horrez gain, euskaraz hitz egin ez baina ulertzen duen horri ere euskaraz egitea eskatzen die. Urkijok zehaztu duenez, “bi egiteko modu horiek sustatuz, uste dugu euskararen erabileran pauso handiak eman ditzakegula”. Proposamen didaktiko hauek Euskal Herriko ikastetxe guztietara bidaliko dira, horiek baitira haur eta nerabeak biltzen dituen ingurune naturalak. Gainera, “ikastetxeek ezinbesteko ekarpena egin diote euskararen biziberritzeari, bai ikasleei dagokienean eta baita gurasoei dagokienean ere”, gaineratu du Euskaraldiko koordinatzaileak. “Badakigu, gainera, ikastetxe askok oso gustora hartzen dituztela Euskaraldiaren inguruko lanketak” zehaztu du Urkijok, eta eskerrak eman dizkie Euskaraldia euren eremuetan modu horretan sustatzeagatik. “Xaxatzaile” izateko deia Euskal Herriko gaztetxoek, aurrez aipatu bezala, egiteko garrantzitsuak dituzte Euskaraldian, bai ariketa bitartean eta baita aurretik ere. Etorkizuneko parte-hartzaileak izateaz gain, euren etxeetan erabileran aldeko ezinbesteko pedagogia egin dezakete, ariketaren nondik norakoak azalduz, eta Euskaraldiak proposatzen duena etxeetan egitera animatuz -lehen hitza euskaraz egin, eta elkarrizketa elebidunak mantentzea sustatuz-. Goiatz Urkijoren hitzetan “Euskaraldiaren xaxatzaileak” izango dira, akuilua erabiliz etxeetan erabileraren aldeko deia egingo dutenak. Izan ere, etxe askotan euskararen berri haur eta nerabe horien eskutik etortzen da soilik. Euskaraldiko lantaldeak ikastetxe guztiei material hau erabiltzeko gonbitea luzatu die, ikastetxe publiko, Ikastola, Kristau Eskola eta bestelako zentroetako kideei. Proposamenak modu erosoan topatuko dituzte Euskaraldiako webgunean: https://euskaraldia.eus/proposamen-didaktikoak2025/ Berritasunak proposamenetan Ikastolen Elkartearekin batera prestatutako material didatikoak bi helburu ditu: batetik, haur eta gazteei, Euskaraldiaren berri emanez, haiek ariketan duten egitekoa azaldu eta horrek duen garrantziaren berri ematea; eta, bestetik, haur eta gazteen kontzientzia soziolinguistikoa piztea, eta haur eta gaztetxoak informatzea, prestatzea eta ahalduntzea euskararen erabileraren gaian agente aktibo izan daitezen. Horretarako, orain arte ez bezala, eta Euskal Herriko hezkuntza sistema ezberdinei erantzuteko (iparraldean eta hegoaldean ikasleen mailaketa ez da berdin antolatzen) adin tarteka osatu dira proposamenak: Altxa (3-9 urte), Dantza (9-12 urte) eta Jalgi (12-16 urte). “Proposamen guztiek egitura berbera dute, oro har, ikastetxeetan aplikatzeko lana errazteko eta ikasleen arteko kidetzeak antolatzeko -hau da adin tarte ezberdinetako ikasleak elkarrekin aritzeko-, modua emateko”, adierazi dute ikastolen elkarteko kide Xabi Lasak. Horrela, proposamenek Euskaraldiaren aurretik, ariketan martxan dela eta ondoren egiteko jarduerak eskaintzen dituzte, adin tarte bakoitzaren ezaugarrietara egokituta: “Labur esanda, material didaktiko honetan hezitzaileek zera aurkituko dute: Euskaraldiaren inguruan egiteko 11 jarduera ikasleekin hizkuntzari buruz hausnartzeko eta bizipenak partekatzeko”, borobildu du Lasak. Gainera, materialaren moldagarritasuna nabarmendu nahi izan dute. Izan ere, material didaktikoak 11 jarduera eskaintzen dituen arren, ez dute sekuentzia itxi bat osatzen. Beraz, haurren ezaugarriak kontuan izanik, hezitzaileek zein jarduera egingo dituen eta nola aukeratu ahal izango du. “Ildo horretatik, material hau ez da eskola giroan erabiltzeko, soilik. Haur eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko aisialdi nahiz kultur ekimenak abian dituzten euskara elkarte, aisialdi talde eta antzekoetan ere erabilgarria dela uste dugu. Horregatik begiratu on bat eman eta materiala erabiltzera animatu nahi ditugu haur eta nerabeekin modu baten zein bestean aritzen diren guzti- guztiak”, azpimarratu nahi izan du Inma Muñoa Ikastolen Elkarteko kideak. Elkarrekin egindako bidea Proposamen didaktiko hauek osatzeko ardura Ikastolen Elkarteko kideek izan badute ere, Euskaraldia sortu zenetik bertatik egon dira beste hamaika eragile haur eta gaztetxoen inguruko lanketa egiten, haiek urtetan egindako lanketaren ondorio ere bada gaur aurkeztu duten materiala. Goiatz Urkijok, beraz, eskerrak eman dizkie bidea Euskaraldiarekin batera egin duten horie; besteak beste, Irrien Lagunak, Kristau Eskola, Bertsozale Elkartea, Hezten, Ebete EHIGE, Ikasi, Sortzen, Urtxintxa. “Eragile guzti horiek materialaren zabalkundean parte hartuko dute, beraien eremuetan proposamen hauen sustapena egingo dute”. Eta ikasleekin proposamen hauek lantzeaz gain, ikastetxeak ere entitate moduan izena ematera gonbidatu ditu Goiatz Urkijok: “Euskaraldia sustatu eta kideei informazioa partekatzeko, Euskaraldia ikusgarri egiteko, eta euskararen erabileran pausoak emateko gakoak emango dizkiegu izena ematen dutenei”. Entitate bezala izena emateko aukera www.euskaraldia.eus orrialdean aurkitu daiteke. EUSKARALDIA: HURRENGO DATAK
- Entitateen agerraldia: otsailak 20, San Telmo museoa (Donostia)
- Ahobizi eta belarripresten izen-emate irekiera festa: martxoak 15, Izaskun Arrue kulturgunea (Gasteiz)
- Hasiera ekitaldiak: maiatzak 15, Euskal Herriko hiri eta herrietan.






