Milaka herritarrek egunerokoan hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa praktikoa egin dute Euskaraldian beste behin ere2022.12.02

2022.12.02, Gasteiz– Euskaraldiaren hirugarren edizioa bukatzen den egunean bertan bildu dira ekimenaren koordinazio mahaia osatzen duten erakundeetako ordezkariak ariketaren inguruko balorazioa egiteko.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako kultura eta hizkuntza politikako sailburua eta bozeramaileak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko herritarrekiko harremanetarako kontseilariak, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak eta Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak koordinazio mahaiaren balorazioa agertu dute Gasteizko Artium museoan egindako agerraldian.

Koordinazio orokorreko kideez gain Gasteiz, Arrasate, Sakana, Tolosaldea eta Arrigorriagako batzordeetako kideak egon dira agerraldian, hauek ere euren balorazioa egiten. Arrasateko batzordeko kide Ikuska Lizarraldek hartu du hitza batzordeen izenean.

Eta Euskaraldiko hirugarren zutabea diren entitateek ere izan dute beren ordezkaritza: Puente Farmazia, RPK taldea eta Setem Hego Haizea elkarteko ordezkariek parte hartu dute agerraldian. Egoitza Gasteizen duen Puente Farmaziako Iñigo Puentek hartu du hitza prentsaurrekoan.

Lehen ediziotik, 2018tik, hizkuntza ohituretan eragiteko helburua izan duen ariketa praktikoa izan da Euskaraldia, eta azaroaren 18an hasi zen hirugarren aldi honek ere hori izan du helburu nagusia. Lehen hitza euskaraz egitea, ulertzen duten guztiekin euskaraz aritzea, elkarrizketa elebidunak praktikatzea eta euskara erabiltzeko gune babestuak sortzea dira partaideei Euskaraldiak proposatzen dizkien ariketak.

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra, milaka lagunek egin dute ariketa praktikoa, eta hemen Euskaltzaleen Topaguneak, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Hirigune Elkargoak egin duten lehen balorazioa jaso dugu ondorengo orrialdeetan:

Euskaraldiaren hirugarren edizioaren balorazioa:

  • Bukatzear den Euskaraldiaren hirugarren edizio honetan, Euskaraldia gizartean normalizatu eta finkatu dela uste dugu ekimenaren antolatzaileok. Aurreko bi edizioetan herritar eta entitateen hizkuntza praktikatan eragiteko proposamen berriak ekarri zituen ekimen berritzaile honek eta hirugarren edizio honetan Euskaraldia, ariketa ezaguna izateaz gain, gizartean txertatua eta normalizatua dagoela ikusi dugu.

 

  • Euskaraldia gizartean oso barneratuta dauden arau sozialetan eragiteko eta aldatzeko proposamena da eta edizioz edizio ari gara bide hori urratzen. Herritarrak ariketak proposatzen dituenak ulertzen eta barneratzen ari dira.
    • Ahobizi eta belarriprest rolen atzean dauden jokaera ezberdinak gero eta hobeto ulertzen dira: partaideek badakite hau ez dela euskararen aldekotasuna adierazteko kanpaina bat.
    • Euskaralditik proposatzen den “lehen hitza euskaraz” arau sozial berriak aurrerapauso handiak eman ditu lau urteotan.
    • Euskaraz ulertzen duenarekin euskarari eusteko jokabidea ere gero eta barneratua dago.
    • Hirugarren edizioak erakutsiko du, baita ere, ariketa efektiboa dela, proposatzen diren ahobizi eta belarriprest rolei lotutako portaerei eusterakoan, norberaren euskararen erabilera hazi egiten dela. Eta entitateetan euskaraz eroso aritzeko neurriak hartu eta gune babestuak sortzen direnean ere euskaraz gehiago egiten dela. Ariketak emaitzak ematen ditu, beraz.

 

  • Euskaraldian parte hartzea ere egonkortze bidean dagoela ikusi dugu hirugarren edizio honetan. Gure kalkuluen arabera, aurreko edizioaren parte hartze kopuruan gaudela esan dezakegu.
    • 161.099 lagunek izena eman edo berretsi dute aurtengo edizioan. Oso datu ona iruditzen zaigu, pentsatu behar baitugu herritar horiek guztiek, hartu dutela tarte bat izena eman edo beraiek parte hartzea berresteko eta hori itzela da
    • Uste dugu aurreko edizioan izena eman zuten askok ere parte hartu duela berretsi gabe.
    • Herriz herri lanean egon diren batzordeetatik jaso ditugun datuen arabera, izena eman dutenak baino herritar gehiago hurbildu dira txapak jasotzera antolatutako banaketa puntuetara.
    • Baina, aldiz, pertzepzioa dugu, jendeak ez dituela txapak uneoro erabili, eta nahi baino txapa gutxiago ikusi ditugula kalean.
    • Hala ere, aipatutako guztiak kontuan hartuta eta lehenago esan bezala, aurreko edizioko parte hartze kopuruetan gaudela esan dezakegu.
    • Ikerketak emango ditu Euskaraldiaren eraginaren inguruko datu gehiago, dena ongi bidean, hurrengo urtearen lehen erdian.

 

  • Ariketan parte hartu eta txapa jantzi dutenez haratago ere izaten du eragina ariketak, txapa jantzi edo parte hartu ez dutenek ere badakite zer den Euskaraldia, eta gehienek gogo onez hartzen dituzte belarriprest eta ahobiziak, aurreko edizioetako ikerketek erakutsi duten modura.
    • Gizartean ezaguna da ariketa, esan bezala eta, sarreran azpimarratu dugun modura, egonkortzean lagundu du horrek.

 

  • Entitateetan ariguneak sortzeko proposatutako ariketa ere geroz eta hobeto ulertzen dela uste dugu, eta ariketak bilakaera oso positiboa izan duela azken edizioan
    • Guztira 6.634 entitatek eman dute izena Euskaraldiaren hirugarren edizioan eta 8.563 egoitzatan sortu dituzte ariguneak. Gainera, aurreko ariketetan iritsi ez ginen eremuetara iritsi gara aurtengoan.
    • Egia da, baita ere, aurreko edizioan baino egoera hobean egin dela ariketa. Aurreko edizioan abiatu genuen entitateekin lana, berria eta berritzailea zen proposamena, eta aurtengo edizioa baldintza egokitan eta ezagutza maila handiagorekin egin ahal izan da ariketa.
    • Entitateetako zuzendaritzek ekimena babestu eta neurri zehatzak hartzeko apustua egiten duten kasuetan, aldaketa esanguratsuak emateko urratsak ematen hasten direla ikusten da. Esparru sozio-funtzionalean lan handia dago egiteko, baina urratsak eman dituzten entitateek erakusten dute, erabakimena dagoenean erabileran aurrerapausoak eman daitezkeela eta bide erakusle direla gainontzekoentzako.

 

  • Aurten hasiera-hasieratik esan genuen modura, Euskaraldiaren eraginean jarri nahi izan dugu arreta antolatzaileok. Alde horretatik ere ariketak eman duenarekin pozik gaude:
    • Milaka pertsonak ariketa hausnartuta eta modu sakonean egin dute.
    • Milaka lagunek erronkak jarri dizkiote beren buruari eta erronka horiek lortzen saiatu dira 15 egunetan: batzuk beteko zituzten beraien asmoak, beste batzuek ez zuten lortuko, baina modu kontziente eta hausnartuan eginik, aurrerapausoak eman dituzte.
    • Txapa eramanda 15 egun hauetan estres linguistikoa murriztu zaiela ikusi dute partaide askok eta, lehen ediziotik esan izan dugun modura, uste baino jende gehiagok euskara ulertzen duela ikusi ahal izan dute.
    • Ikerketak emango dizkigu ariketaren eraginaren datuak, baina aurreko edizioetan moduan, emaitza zehatzak ikusi ahal izango direla uste dugu.

 

  • Herrietan eta hainbat entitatetan osatu diren Euskaraldia batzordeek egin duten lan eskerga ere azpimarratu nahi genuke. Milaka lagun aritu dira herriz herri, entitatez entitate, Euskaraldiaren eta ekimenari lotutako ehunka ekimenen antolaketan. Sare zabal hori gabe ezinezkoa litzateke tamainako ekimena antolatzea.

 

Aurrera begirako erronkak

  • Aurrera begira, jarraituko dugu rolak gizarteratzen, beti esan dugun bezala, epe luzeko lana izango baita. Lehenago aipatu dugun modura, rolen eta berauen portaeren legitimazioan urrats sendoak eman ditugu azken lau urteetan. Lehen hitza euskaraz izatea, ulertzen dutenen aurrean euskarari eustea eta elkarrizketa elebidunak mantentzea duela lau urte baino onartuagoak eta txertatuagoak daude gizartean eta gure egunerokoan. Eta legitimazio hori oso garrantzitsua da hiztunok gure hizkuntza hautuak egiteko momentuan.

 

  • Txapa erabiltzearen garrantzia azpimarratzen jarraituko dugu, ariketarako beharrezkoa baita. Aurten nahi baino txapa gutxiago ikusi da kalean eta aztertu beharko dugu zein aldaketa egin behar dugun gehiago ikus daitezen. Euskaraldian oinarrizkoa da euskaraz aritzeko aukerak bistaratzea eta txapek funtzio hori betetzen dute. Ikerketek diote gure hizkuntza ohiturak errazago aldatzen ditugula txapak ikusten ditugunean, babestuta sentitzen garelako eta estres linguistikoa murrizten zaigulako. Komunitatea ikusgarri egitea euskararentzat oso garrantzitsua da.

 

  • Euskaraldia ariketa praktikoa dela gogoratzen jarraituko dugu. Hiztunon portaeratan/praktikatan eta entitateen neurrietan eragiten jarraitu behar dugu, Euskaraldian eta Euskaralditik kanpo ere. Gizarte honetan oso ohituak gaude euskararen alde agertzeko kanpainetara. Euskaraldiarekin bide berri bat zabaltzen ari gara, gure eguneroko ohitura eta portaeretan eragiteko.

 

  • Euskaraldia bi urtean behin egiten den ariketa da, baina behar beharrezkoa da, aurreko edizioetan esan dugun modura, euskararen erabilera sustatzeko bestelako ariketa praktikoak ere egon daitezen. Euskaraldia bakarrik ez da nahikoa. Arau sozialak aldatzeko lanean ari gara eta inertziak apurtzeko eremu ezberdinetan proposamen berriak egotea garrantzitsua da.
    • Euskaraldia pertsona eta erakundeen egunerokoan dauden praktika, politika eta plangintzen osagarria den ariketa soziala da.
    • Euskaraldiak behar du ediziotik ediziora norbanakook gure hizkuntza ohituretan aldaketak egiten jarraitzea eta era guztietako entitateek beraien hizkuntza plangintza eta politiketan urratsak ematen jarraitzea.
    • Euskaraldia bi urtetik bi urtera urrats guzti horien erakusleiho paregabea izango da.

 

  • Azkenik, eskerrak ematearekin batera, dei bat egin nahi genieke parte hartu duten herritar eta entitate guztiei: eman dituzten urratsei segida emateko bihartik aurrera ere. Jarrai dezagun hizkuntza ohiturak aldatzen eta euskararentzako gune erosoak sortzen.

 

Gobernantza eredua

Koordinazio mahaiko ordezkariek gaurko agerraldian azpimarratu nahi izan dute, era berean, Euskaraldiaren ekarpen garrantzitsuetako bat dela erakunde eta gizarte eragileen arteko gobernantza eredua. Horrek gizarteko eremu ezberdinetan eragiteko ematen duen aukera nabarmendu dute.

Herri batzordeak eta entitateak ere pozik

Arrasateko batzordeko dinamizatzailea da Ikuska Lizarralde, eta berak eman du batzordeen lehen inpresioa: “Herrietan ere ikusi dugu Euskaraldia ari dela bere lekua hartzen. Eta horrek ekarri du denborak pixka bat aldatzea. Aurreko edizioetan prestaketa lanak lehenago hasten ziren eta azken honetan uda ostean hasi dira batzordeak antolatzen. Horrek, erronka berriak ekarriko ditu herrietara.

Nabaritu da, antolaketan, orokorrean mugimendu handiagoa egon dela batzordeetan: aurten kalera atera, ekitaldiak antolatu eta elkartzeko aukera izan dugula.”

Ekitaldian egon dira, lehen esan bezala, Setem Hego Haizea elkarteko, RPK taldeko eta Gasteizen dagoen Puente Farmaziako ordezkariak. Puente Farmaziako Iñigo Puentek hartu du hitza. “Euskaraldiak entitate barruan ditugun hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko balio izan digu. Herritarrei ere euskaraz funtzionatzen dugula jakinarazteko ariketa interesgarria da, euskaraz egin dezakegula inoiz baino argiago ikusi baitezakegu guztiok egun hauetan”.

Informaziorako
Jarrai gaitzazue sareetan