MEG: maiz egindako galderak

HERRIAN EUSKARALDIA ANTOLATZEA

Euskaraldia martxan jarri nahi dugu herrian, auzoan edo eskualdean, zer egin genezake?

Herrian, auzoan zein eskualdean Euskaraldia antolatzeko, batzorde bat sortzea komeni da. Bertan, tokiko euskalgintzako eragileak (udaleko euskara saileko ordezkaria zein gizarte eragileak) eta norbanako euskaltzaleak batzea proposatzen dizuegu, elkarlanean.
Batzordea osatu aurretik, Euskaraldiaren aurkezpen ireki bat antolatu zenezakete, herritar multzo bati zuzeneko gonbidapena eginda. Taldea martxan egonez gero, Euskaraldiaren proposamen orokorra aztertu eta herrira egokitzea izan liteke lehen pausoa. Herriko kronograma eta abendura bitarteko urratsak definitu beharko lituzke batzordeak.

 

Herri gisa eman behar al dugu izena? Ala posible da eskualde gisa lan egitea?

Euskaraldia auzoan, herrian zein eskualdean antolatu dezakezue. Are gehiago, herri txikien kasuan, interesgarria izan liteke eskualde gisa aritzea eta indarrak batzea. Zuen eremuan egokien iruditzen zaizuen bezala koordinatu, eta, aurrera!
Testuan herria aipatuko dugu sarritan, edukia errazte aldera.

Nortzuek sustatu genezake Euskaraldia herrian?

Hala nahi duzuen eragile guztiek: euskaltzaleen elkarteko kideek, udaleko euskara sailak, euskaltegiek, ikastetxeek, guraso elkarteek, kultur elkarteek, norbanako euskaltzaleek…
Gogoa duzuen guztiak bildu eta martxan jartzeko lehen urratsak elkarrekin ematea proposatzen dizuegu. Ez da beharrezkoa talde baten ordezkari izatea!

Herri gisa izena emateko, zer egin behar dugu?

Batzordea martxan baduzue eta Euskaraldia herrian antolatzea erabaki baduzue, www.euskaraldia.eus atarian dagoen izen emate fitxa bete behar duzue. Horrela, koordinazioko kide bat zuekin harremanetan jarriko da, datozen hilabeteetan informazioa helarazteko zuzeneko kontaktua izateko (bi aldeetatik, noski).
Komeni da izen ematea apìrilerako egitea. Horretarako aukerarik ez baduzue, jarri gurekin harremanetan.

Herrian ez dago Euskaraldia antolatzeko batzorderik, gure erakundean martxan jar genezake?

Herrian, auzoan edo eskualdean Euskaraldia antolatzeko elkarlan talderik sortzen ez bada, eta gogoa eta indarra badituzue, erakunde gisa eman dezakezue izena.

Zuen eremuan batzordea osatu bada, berriz, herriko ekimenean parte hartzea gomendatzen dizuegu.

Zein baliabide jasoko ditugu koordinazio orokorretik? Nola?

Herriei informazioa helarazteko intranet zerbitzaria daukagu. Behin izena emanda, herri bakoitzak bere sarbidea izango du, eta koordinaziorako baliagarriak diren dokumentuak eta bestelako euskarriak egongo dira intranetean.

Herritarrak prestatzeko, komunikazio plana egiteko eta kudeaketa orokorrerako baliabideak eta gomendioak eskainiko dizkiegu herriei.

Zalantzarik izanez gero, intraneteko foroan galdetzeko aukera dago, baita info@euskaraldia.eus helbidean ere.

Ezinbestekoa al da herrian Euskaraldia antolatzea?

Ez. Ekimena antolatzeko aukera eta gogoa dituzten herri, auzo eta eskualdeetan martxan jartzea proposatzen dugu. Baina, baldintza egokirik ez badago, ez da beharrezkoa (ezta gomendagarria ere). Baldintza egokiak aipatzen ditugunean, ekimena antolatuko duen euskaltzale talde zabala, gutxieneko baliabide ekonomikoak eta tokiko errealitaterako une egokia izateari buruz ari gara. Lehen bi baldintzak osatzeko, kasu batzuetan baliagarria izango da eskualdeko gainontzeko herriekin elkarlanean aritzea.

Nortzuk izan litezke herriko Euskaraldiaren sustatzaileak?

Sustatzaile diogunean, mota guztietako entitateei buruz ari gara. Ekimenak hiru sustatzaile mota elkartzea du helburu:

1. Erakunde publikoetako euskara sailak.
2. Euskalgintzan ari diren gizarte eragileak.
3. Euskararekiko ardura duten bestelako entitateak: enpresak, kirol taldeak, kultur elkarteak, guraso elkarteak eta abar.

Hala ere, entitate horien atzean pertsonak daude; herritarrek egingo duzue Euskaraldia. Beraz, ekimena bultzatzeko ez da beharrezkoa entitate baten izenean aritzea.

Zeintzuk dira sustatzaileen funtzioak?

Sustatzaileek batzordean har dezakete parte, edo batzordearekin koordinatuta aritu daitezke beren funtzio zehatzak betetzen. Hiru dira:

1. Ekimenaren zabalkundea egitea beren eremuan, langile, bazkide eta bezeroekin, zein herrian.
2. Beren eremuko kideak aktibatzea ahobizi eta belarriprest izan daitezen (pertsona erreferentzialak eta gainontzeko herritarrak).
3. Hizkuntza praktika horiek posible izan daitezen, babes neurri berriak hartzea.

Aurreko lanak egiteko beharrezko baliabideak jartzea (komunikazio tresnak, aurkezpenak, kideen prestakuntzarako bideak, baliabide ekonomikoak…). Azken hau, entitatearen izaeraren, beharren eta aukeren arabera definituko da.

Nortzuk dira euskaltzale eragileak?

Tokiko Euskaraldiko batzordetik kanpo dauden euskaltzale aktiboak dira, ekimena zabaldu eta tarteka laguntzeko prest dauden norbanakoak. Herrian Euskaraldiaren berri emango dute, abendura bitarteko ekintzen antolaketan lagunduko dute, eta herritarrak hamaika egunetarako prestatzen saiatuko dira.

EKIMENEAN PARTE HARTZEA

Nola har dezaket parte Euskaraldian?
Euskaraldian ahobizi zein belarriprest gisa har dezakezu parte. Horretarako, ekimenean izena eman beharko duzu, eta aukeratu duzun perfilaren txapa jasoko duzu. Irailean hasiko da izen ematea.

Horrez gain, zure herri edo entitateko antolaketa batzordean har dezakezu parte, modu iraunkorrean edo tarteka lagunduta.

Nola jakin dezaket nire herrian ekimena gauzatuko dela?
Euskaraldiaren webgunean mapa bat aurkituko duzu, eta bertan ikusiko dituzu ordura arte herri, auzo, eskualde edo entitate gisa izena eman dutenak. Bestalde, zure udaleko euskara zerbitzuan edo euskaltzaleen elkartean galde dezakezu.

Noiz eman dezaket izena?
Ahobizi edo belarriprest gisa parte hartzeko izen ematea irailetik azarora bitartean izango da. Aurrerago zabalduko dugu informazio zehatzagoa.

Non eman behar dut izena?
Izena emateko garaia heldu ahala zehaztuko dugu nola eta non eman daitekeen izena. Edozein kasutan, www.euskaraldia.eus atarian izena emateko aukera egongo da.

Herriz herri antolaketa batzordeak egongo diren arren, Euskaraldian parte hartzeko behin baino ez da eman behar izena. Izen emate horren Euskal Herri osorako balioko du. Izan ere, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean ahobizi edo belarriprest diren herritarrek leku eta ordu guztietan izango dute aukeratutako rola (hala nahi badute, behintzat!).  

Herrian eman dut izena baina herritik kanpo egiten dut lan. Hor ere hartu behar al dut parte?
Euskaraldia Euskal Herri osoko hainbat herritan gauzatuko dugu. Baliteke zure herrian martxan egotea, eta lan egiten duzun lekuan ez (edo alderantziz). Edozein kasutan, ahobizizein belarriprest izan, aukeratu duzun rola egunero eta edozein lekutan praktikan jartzea proposatzen dizugu.

Azken finean, ulertzen duten guztiekin euskaraz aritzea edo eta dakitenei egiteko gonbidapena luzatzea dira gure nahiak. Eta horretarako ez dago mugarik, ezta ekimena bukatzean ere!

Nire herrian / entitatean ez dugu Euskaraldia antolatu. Eman al dezaket izena?
Bai, euskara ulertzen duten Euskal Herriko herritar guztiek eman dezakete izena. Hala ere, kontuan izan herrian ekimena martxan ez badago zaila izango dela identifikazio txapa daukaten ahobizi eta belarriprest gehiago aurkitzea, eta ariketa kolektiboan parte hartzeko zailtasunak izango dituzula. Edonola ere, euskaraz aritzea ez da hamaika eguneko kontua, urteko 365ekoa baizik, eta ziur gaude inguruko euskaldunekin hala aritzea adostu dezakezula.

Izena ematen badut, ekimen honek denbora asko eskatuko al dit?
Ez. Ekimena baino lehen zure burua prestatzea proposatuko dizugu, baina hori bideoren bat ikusita, testu bat irakurrita, hausnartuta zein tailer bat jasota egin dezakezu (informazioa zabalduko dugu, lasai). Beraz, zure gogoa eta aukeren araberako denbora har dezakezu.  

Hamaika egunetan egin behar duzun bakarra, zure ohiko harremanetan hizkuntza praktika aldatzea izango da.

Azkenik, denbora gehiago izanez gero, tokiko batzordean parte har dezakezu, edo ekimena zabaltzen eta antolatzen lagundu dezakezu.

Non, nola eta noiz jasoko dut txapa?
Ekimena baino egun batzuk lehenago jasoko duzu txapa, eta, horretarako, aldez aurretik izena eman beharko duzu. Aurrerago zabalduko dugu informazio zehatzagoa.

AHOBIZI EDO BELARRIPREST IZATEA

Zer da ahobizi izatea?
Euskara ulertzen duten guztiei euskaraz egiten dien pertsona da ahobizi, baita kideek erdaraz erantzuten dutenean ere. Era berean, ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten die.

o Dagoeneko euskaraz egiten diet ulertzen duten guztiei, Ahobizi izateko izena eman behar al dut?

Bai, izena ematea komeni da. Horrela, ariketa kolektiboan parte hartzen ari zarela erakutsiko duzu, eta zure jardunarekin gainontzeko kideak aktibatu eta babestuko dituzu. Gainera, ekimenarekin lotutako ikerketa burutuko dugu, eta  parte hartze datuak jaso behar ditugu horretarako.

o Ahobizi izanda, euskaraz egin behar al diet erdaraz erantzuten didatenei?

Ulertzen duten guztiei euskaraz egitea proposatzen dizugu ariketa honen bidez. Beraz, horixe da gure gomendioa. Elkarrizketa elebidunak posible dira, baita eraginkorrak ere, azken bi urteetako aktibazio ekimenek erakutsi digutenez. Bi aldeek euskaraz ulertzen badute, ez dago euskaraz ez egiteko arrazoirik. Hasieran arraroa izan daiteke, baina baietz ohitu!

Zer da belarriprest izatea?
Dakienari berarekin euskaraz aritzeko gonbitea egingo dion pertsona da belarriprest, berak euskaraz zein erdaraz erantzun arren. Euskaraz ulertzen du, eta baliteke hitz egiteko gai ere izatea.

o Euskaraz hala nola ulertzen dut (ulertu bai, baina zailtasunez), ni ere belarriprest izan al naiteke?

Belarriprest izateko, euskara ulertu behar da. Ohiko elkarrizketetan parekoek euskaraz egiteko deia egiten du belarriprest denak, beraz, elkarrizketa jarraitzeko gaitasuna behar da. Hala ere, ez da beharrezkoa euskaraz erantzuteko gai izatea, lasai erantzun dezakezu erdaraz.

o Euskaraz nahiko ondo ulertzen dut baina kosta egiten zait euskaraz hitz egitea, ni ere izan al naiteke belarriprest?

Bai, belarriprest izateko euskara ulertzea da baldintza bakarra, ez duzu hitz egiteko gaitasunik behar. Eroso sentitzen zarenean euskaraz egin dezakezu (agurrak, elkarrizketa laburrak…), baina, bestela, erdaraz erantzun dezakezu. Zure parte hartzea oso garrantzitsua izango da ahobizi izan nahi dutenentzat, eta zuk ere asko praktikatuko duzu.

Badakit euskaraz hitz egiten. Ahobizi izan behar al dut? Belarriprest izan al naiteke?
Ahobizi izateko, euskaraz hitz egiten jakin behar da; belarriprest izateko, euskara ulertu behar da. Beraz, euskaraz baldin badakizu, ahobizi zein belarriprest izan zaitezke. Zure erabakia da, eta, bata zein bestea izan, ongi etorria izango da.

Ahobizi edo belarriprest izateko gomendiorik jasoko al dut?
Bai, zuri gomendioak ematen saiatuko gara. Horretarako, zenbait baliabide sortu eta zabalduko ditugu udazkenean. Herriko Euskaraldiko antolatzaileek izango dituzte baliabide horiek (bideoak, testuak eta bestelakoak). Azaroan ezer jaso ez baduzu, www.euskaraldia.eus atarian begira dezakezu.

OROKORRA

Nortzuk dira ekimenaren sustatzaile orokorrak?
Ekimenaren sustatzaile orokorrak, lurraldez gaindiko euskalgintzako gizarte eragileak eta erakunde publikoak gara. Zerrenda https://euskaraldia.eus/sustatzaileak/ atarian ikus daiteke.

Koordinazio lanean, berriz, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Nafarroako Gobernuko Euskarabidea eta Euskaltzaleen Topagunea ari gara.

Ekimena eraginkorra den neurtuko al da?
Bai, Soziolinguistika Klusterrak ikerketa bat egingo du.

Herrian ekimena martxan jartzeko informazioa behar dut. Nora jo dezaket?
Euskaraldia herrian edo entitatean martxan jarri nahi baduzue, info@euskaraldia.eus emailera idatz dezakezue.