MEG: maiz egindako galderak

HERRIAN EUSKARALDIA ANTOLATZEA

Euskaraldia martxan jarri nahi dugu herrian, auzoan edo eskualdean, zer egin genezake?

Herrian, auzoan zein eskualdean Euskaraldia antolatzeko, batzorde bat sortzea komeni da. Bertan, tokiko euskalgintzako eragileak (udaleko euskara saileko ordezkaria zein gizarte eragileak) eta norbanako euskaltzaleak batzea proposatzen dizuegu, elkarlanean.

Batzordea osatu aurretik, Euskaraldiaren aurkezpen ireki bat antolatu zenezakete, herritar multzo bati zuzeneko gonbidapena eginda. Taldea martxan egonez gero, Euskaraldiaren proposamen orokorra aztertu eta herrira egokitzea izan liteke lehen pausoa. Herriko kronograma eta abendura bitarteko urratsak definitu beharko lituzke batzordeak.

 

Herri gisa eman behar al dugu izena? Ala posible da eskualde gisa lan egitea?

Euskaraldia auzoan, herrian zein eskualdean antolatu dezakezue. Are gehiago, herri txikien kasuan, interesgarria izan liteke eskualde gisa aritzea eta indarrak batzea. Zuen eremuan egokien iruditzen zaizuen bezala koordinatu, eta, aurrera!

Testuan herria aipatuko dugu sarritan, edukia errazte aldera.

Nortzuek sustatu genezake Euskaraldia herrian?

Hala nahi duzuen eragile guztiek: euskaltzaleen elkarteko kideek, udaleko euskara sailak, euskaltegiek, ikastetxeek, guraso elkarteek, kultur elkarteek, norbanako euskaltzaleek…

Gogoa duzuen guztiak herri batzordean bildu eta martxan jartzeko lehen urratsak elkarrekin ematea proposatzen dizuegu. Ez da beharrezkoa talde baten ordezkari izatea!

Guk hurrengo egitura proposatzen dizuegu: taldean eragile sozialak eta udal ordezkariak egotea. Eragileen artean euskalgintzan dabiltzan taldeak eta bestelakoak egon daitezke, baita norbanako euskaltzaleak ere. Garrantzitsua da batzordean parte hartzeko gonbitea herrira zabaldu eta talde egitura irekia izatea.

Herri gisa izena emateko, zer egin behar dugu?

Batzordea martxan baduzue eta Euskaraldia herrian antolatzea erabaki baduzue, www.euskaraldia.eus atarian dagoen izen emate fitxa bete behar duzue. Horrela, koordinazioko kide bat zuekin harremanetan jarriko da, datozen hilabeteetan informazioa helarazteko zuzeneko kontaktua izateko (bi aldeetatik, noski). Horrez gain, intraneterako sarbidea lortuko duzue, Euskaraldia antolatzeko beharrezko baliabideak eskura izan ditzazuen.

Zein baliabide jasoko ditugu koordinazio orokorretik? Nola?

Herriei informazioa helarazteko intranet zerbitzaria daukagu. Behin izena emanda, herri bakoitzak bere sarbidea izango du, eta koordinaziorako baliagarriak diren dokumentuak eta bestelako euskarriak egongo dira intranetean.

Herritarrak zein entitateak prestatzeko, komunikazio plana egiteko eta kudeaketa orokorrerako baliabideak eta gomendioak eskainiko dizkiegu herriei, intraneteko fitxategiak, aktibazio saioak, aurkezpenak, prestakuntza saioak, foroak eta abar direla medio.

Zalantzarik izanez gero, info@euskaraldia.eus helbidean galdetzeko aukera dago.

Ezinbestekoa al da herrian Euskaraldia antolatzea?

Ez. Ekimena antolatzeko aukera eta gogoa dituzten herri, auzo eta eskualdeetan martxan jartzea proposatzen dugu. Baina, baldintza egokirik ez badago, ez da beharrezkoa (ezta gomendagarria ere). Baldintza egokiak aipatzen ditugunean, ekimena antolatuko duen euskaltzale talde zabala, gutxieneko baliabide ekonomikoak eta tokiko errealitaterako une egokia izateari buruz ari gara. Lehen bi baldintzak osatzeko, kasu batzuetan baliagarria izango da eskualdeko gainontzeko herriekin elkarlanean aritzea.

Batzordea osatzeko baldintza egokirik ez badago, Euskaraldian parte hartu nahi duten herritarrek zein entitateek ondoko herrietako batzordeekin jarri beharko dute harremanetan.

Herrian ekimena martxan jartzeko informazioa behar dut. Nora jo dezaket?

Euskaraldia herrian edo entitatean martxan jarri nahi baduzue, info@euskaraldia.eus emailera idatz dezakezue.o da.

Nortzuk dira euskaltzale eragileak?

Tokiko Euskaraldiko batzordetik kanpo dauden euskaltzale aktiboak dira, ekimena zabaldu eta tarteka laguntzeko prest dauden norbanakoak. Herrian Euskaraldiaren berri emango dute, 2020ko ariketara bitarteko ekintzen antolaketan lagunduko dute, eta herritarrak eta entitateak hamabost egunetarako prestatzen saiatuko dira.

EKIMENEAN PARTE HARTZEA

Nola har dezaket parte Euskaraldian?

Euskaraldian ahobizi ala belarriprest moduan har dezakezu parte, norbanako gisa zein ariguneetan. Horretarako, ekimenean izena eman beharko duzu, eta aukeratu duzun perfilaren txapa jasoko duzu. Gogoratu pertsona bakoitzak rol bakarra izango duela, ariguneetan eta horietatik kanpo. Hortaz, ariguneren bateko kide izango bazara, bertatik kanpo dituzun hizkuntza-ohiturak ere kontuan izan beharko dituzu rola aukeratzerako orduan.  Herritarren izen-ematea 2020ko irailean hasiko da.

Horrez gain, zure herri edo entitateko antolaketa batzordean har dezakezu parte, modu iraunkorrean edo tarteka lagunduta.

Noiz eman dezaket izena?

Herritarrek ahobizi edo belarriprest gisa izena emateko epea 2020ko irailetik azarora bitartean izango da. Aurrerago zabalduko dugu informazio zehatzagoa.

Non eman behar dut izena?

Izena emateko garaia heldu ahala zehaztuko dugu nola eta non eman daitekeen izena. Edozein kasutan, www.euskaraldia.eus atarian izena emateko aukera egongo da.

Herriz herri antolaketa batzordeak egongo diren arren, Euskaraldian parte hartzeko behin baino ez da eman behar izena. Izen-emate horrek Euskal Herri osorako balioko du. Izan ere, azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean ahobizi edo belarriprest diren herritarrek leku eta ordu guztietan izango dute aukeratutako rola (hala nahi badute, behintzat!).

Gogora ezazu arigune batean parte hartu arren, herritar moduan eman beharko duzula izena.

Herrian eman dut izena baina herritik kanpo egiten dut lan. Hor ere hartu behar al dut parte?

Euskaraldia Euskal Herri osoko hainbat herritan gauzatuko dugu. Baliteke zure herrian martxan egotea, eta lan egiten duzun lekuan ez (edo alderantziz). Edozein kasutan, ahobizi zein belarriprest izan, aukeratu duzun rola egunero eta edozein lekutan praktikan jartzea proposatzen dizugu.

Azken finean, ulertzen duten guztiekin euskaraz aritzea edo eta dakitenei egiteko gonbidapena luzatzea dira gure nahiak. Eta horretarako ez dago mugarik, ezta ekimena bukatzean ere!

Nire herrian / entitatean ez dugu Euskaraldia antolatu. Eman al dezaket izena?

Bai, euskara ulertzen duten Euskal Herriko herritar guztiek eman dezakete izena. Hala ere, kontuan izan herrian ekimena martxan ez badago zaila izango dela identifikazio txapa daukaten ahobizi eta belarriprest gehiago aurkitzea, eta ariketa kolektiboan parte hartzeko zailtasunak izango dituzula. Edonola ere, euskaraz aritzea ez da hamabost eguneko kontua, urteko 365ekoa baizik, eta ziur gaude inguruko euskaldunekin hala aritzea adostu dezakezula.

Izena ematen badut, ekimen honek denbora asko eskatuko al dit?

Ez. Ekimena baino lehen zure burua prestatzea proposatuko dizugu, baina hori bideoren bat ikusita, testu bat irakurrita, hausnartuta zein tailer bat jasota egin dezakezu (informazioa zabalduko dugu, lasai). Beraz, zure gogoa eta aukeren araberako denbora har dezakezu.

Hamabost egunetan egin behar duzun bakarra, zure ohiko harremanetan hizkuntza-praktika aldatzea izango da.

Azkenik, denbora gehiago izanez gero, tokiko batzordean parte har dezakezu, edo ekimena zabaltzen eta antolatzen lagundu.

Non, nola eta noiz jasoko dut txapa?

Ekimena baino egun batzuk lehenago jasoko duzu txapa, eta, horretarako, aldez aurretik izena eman beharko duzu. Aurrerago zabalduko dugu informazio zehatzagoa.

AHOBIZI EDO BELARRIPREST ROLAK

Zer da ahobizi izatea?

Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean.

Horrela, orain arte euskaraz izan dituzun elkarrizketek euskarazkoak izaten jarraituko dute; baina, orain arte erdaraz izandako elkarrizketa batzuk euskaraz edo elebitan izatea ere lortuko duzu.

Jarrera aktiboa izango duzu, beraz. Zure harreman sarean dituzun hizkuntza praktikak aztertu eta euskarara aldatzeko aukera duzun horietan eragingo duzu. Hizkuntza aldaketarako aukeratu dituzun harreman horietan ez ezik, zure bizitzako esparru guztietan euskaraz arituko zara, ahal den guztietan, ahal duzun guztiekin.

Bi aldeek euskaraz ulertzen badute, ez dago euskaraz ez egiteko arrazoirik. Ahobizi eta belarriprest ugari izango baitituzu inguruan.

Ahobizi izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik! Ahal duzun guztietan euskara erabiltzeko prest? Ahobizi zara!

Ahobizientzako aholkuak bildu ditugun esteka honetan.

Zer da belarriprest izatea?

Nire gaitasun eta aukeren arabera erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Beti ez dut euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri uneoro euskaraz hitz egitea nahi dut; eta horixe eskatzen diet modu esplizituan.

Horrela, orain arte euskaraz izan dituzun elkarrizketek euskarazkoak izaten jarraituko dute, baina orain arte erdaraz izandako elkarrizketa batzuk euskaraz edo elebitan izatea ere lortuko duzu.

Jarrera aktiboa izango duzu, beraz, gonbitea egingo baitiezu euskal hiztunek zurekin euskaraz hitz egin dezaten. Oso garrantzitsua da zure funtzioa, euskarazko elkarrizketak sortzen lagundu eta euskara erabiltzeko giro babestua sortuko duzulako.

Ariketa egiten duzun bitartean giro babestua izango duzu, ahobizi eta belarriprest ugari izango baitituzu inguruan.

Belarriprest izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik! Dakienari zuri euskaraz hitz egiteko gonbitea egin nahi diozu? Belarriprest zara!

Belarriprestentzako aholkuak bildu ditugun esteka honetan.

Badakit euskaraz hitz egiten. Ahobizi izan behar al dut? Belarriprest izan al naiteke?

Ahobizi eta belarriprest rolen arteko ezberdintasuna ez da hizkuntza gaitasunaren araberakoa, hartuko dugun jarreraren araberakoa baizik. 

Euskara ulertzen duen pertsona orok ahobizi edo belarriprest moduan parte hartzeko aukera izango du, 15 egunetan mantenduko duen konpromisoaren arabera. Ahobizi izateko, euskaraz hitz egiteko gai izan behar da, baina hori ez da baldintza bakarra; ahobizi txapa janzten duenak ulertzen dioten pertsona ororekin euskarari eusteko eta lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartuko du.

Ahobizi edo belarriprest izateko gomendiorik jasoko al dut?

Bai, zuri gomendioak ematen saiatuko gara. Horretarako, zenbait baliabide sortu eta zabalduko ditugu, herrietako batzordeen bitartez, webgunean, sare sozialetan…

Lehen edizioan sortu genituen baliabideak webgunean aurkituko dituzu ahobizi eta belarripresten atalean.

ENTITATEAK ETA ARIGUNEAK

Ariguneetako kide izango direnek herritarren izen ematean ere izena eman behar dute?

Bai. Entitateak izena ematen duenean ez du kideen informaziorik eman beharko, osatu dituen arigune kopuruak eta bertako kide kopurua soilik. Herritarren izen-ematea 2020ko irailean hasiko da eta orduan emango dute izena ahobizi eta belarriprest guztiek, ariguneetako kide izan edo ez.

Entitateek izena ematen dutenean Intranet propioa izango dute baliabideetara sarbidea izateko, edo herriko batzordea izango da bitartekaria?

Entitate batek izena ematen duenean Intraneterako sarbidea izango du, entitate horretan dauden arigune guztientzako baliabideak eskuratzeko. Hala ere, entitateak beti izango du herriko batzordearekin harremanetan jartzeko aukera, herriko dinamiken berri izan eta informazio zehatzagoa jasotzeko.

Zeintzuk dira baldintzak arigune bezala izena emateko? Badago ahobizi-belarriprest proportzioren bat?

Arigune bat sortzeko baldintzak hauek dira (bietako bat behintzat izan behar du entitateak izena eman ahal izateko):

  • BARNE ARIGUNEA: Taldeko kide guztiek euskara ulertzea, eta %80a gutxienez ahobizi eta belarriprest moduan ariketan parte hartu eta arigunea sortzeko prest egotea.
  • KANPO-ARIGUNEA: Herritarrekiko harremana duen gune horretan uneoro ahobizi edo belarriprest bat egotea.
Zer konpromiso zehatz dakartza ariguneko kide izateak?

Ariguneetako kideek ahobizi edo belarriprest moduan jokatuko dute ariketak iraungo duen 15 egunetan. Horrez gain, talde moduan euren hizkuntza ohiturez hausnartu eta aurrera pausuak emateko helburuak zehaztera gonbidatuko ditugu.

Arigune bat osatzeko kide kopuruak zenbatekoa izan behar du? Badago gutxieneko edo gehienezko kopururik?

Arigunea sortzeko gutxieneko kide kopurua ezberdina da kanpo- edo barne-arigunea izan. Kanpo-ariguneetan pertsona bat nahikoa izan daiteke (harrera guneko ordu guztiak pertsona batek egiten dituenean). Barne-ariguneetan, aldiz, bi pertsona behar dira gutxienez taldea osatzeko.

Maximoari dagokionez, ez dago kopuru zehatzik. Kasuan kasu, kontuan izan beharreko baldintza adostasun kolektiboarena izango da. Arigune bat sortzeko euskara ezagutza maila bermatzeaz gain, kide guztiek ados egon behar dute ariketa arigune moduan egitearekin. Hain zuzen ere, arigune baten indargune nagusietako bat da kideek taldean hartzen duten erabakia, ariketa modu kontzienteagoan eta babestuagoan egitea ahalbideratzen baitu. Hala, baliteke 40 pertsonako tailer batean hilero duten bilera orokorrean erabakitzea arigune izango direla; eta 15 pertsonako entitate batean 5eko lantaldeetan egitea, egituran oso autonomoak direlako.

Belarriprestez bakarrik osatutako ariguneetan nola eutsi euskarari?

Belarriprestak nahi bestetan hitz egin dezake euskaraz. Hala ere, arigune bateko kide guztiak belarriprest badira eta euskaraz hitz egiteko zailtasunak aurreikusten badituzte, estrategia ezberdinak erabili ditzakete 15 egunetan hizkuntza-ohiturak aldatzeko lehen urratsak emateko. Egunero euskaraz hitz egiteko hautua hartuko duen pertsona bat izendatu dezakete, adibidez, eta rol hori txandakatu. Edo ordu/tarte zehatz batzuk zehaztu ditzakete euskaraz hitz egiteko. Arigune bakoitzak bere abiapuntuaren araberako aurrera pausoak ematea da helburua. Gure gomendioa 15 egunetan aurretik taldean hitz egitea eta helburuak jartzea da. 

OROKORRA

Nola neurtuko da ekimenaren eraginkortasuna?

 Aurreko edizioan egin bezala, ikerketa bat egingo da, ekimenaren eragina eta eraginkortasuna neurtzeko.