Euskaraldian jarrera aktiboa izateko deia egin diote herritarrei

2025.05.02
  • Txapak banatzen hasi dira jada herrietan; ariketa eroso egiteko ezinbesteko identifikagarria jaso dezakete, beraz, herritarrek.

2025.05.02 Lekeitio.- Bi aste eskas gelditzen dira Euskaraldia hasteko -maiatzaren 15etik 25era izango da-, eta ia dena prest dago ariketari ekiteko. Euskal Herriko ehunka herritan buru-belarri dabiltza izen-emateak biltzen, entitateetara bisitak egiten, Euskaraldiak iraungo duen bitartean izango diren ekitaldiak antolatzen… milaka lagun, ilusioz lanean, eta, jada, “urduritasun” ukituarekin. 

Euskaraldiak ikur bat badu, eta hori txapa da. Eta dagoeneko hasi dira herrietan ahobizi eta belarriprest moduan identifikatuko gaituzten txapak banatzen. Hori jakinarazteko, agerraldia egin dute, gaur, Lekeitioko plazan. Bertan bildu dira, Lekeitioko eta Mutrikuko batzordeetako ordezkariak, Euskaraldiko koordinazio orokorreko kideak eta baita euskal gizarteko hainbat aurpegi ezagun ere, Euskaraldiarekin bat egiten dutela adierazteko. 

Ana Goitia aurkezleak zuzendu du agerraldia, bera baita laugarren edizio honetako hamaikakoko kide lekeitiarra. Umorea ziurtatua egon da, beraz, etxean jokatzen zuen aurkezlearen eskutik. 

Ekitaldian, herriz herri, tokian tokiko, batzordeek egiten duten lana azpimarratu nahi izan dute ezer baino lehen. “Euskaraldia arrakastatsua izan dadin, ezinbestekoak dira herrietako batzordeak. Eurek ahalbideratzen dute Euskaraldiaren mezua herritarrengana iristea eta ariketa bera, herriz herri, Euskal Herri osoan egin ahal izatea”, azpimarratu du Jon Kobeagak Euskaraldiko koordinazio orokorreko zein Lekeitioko batzordeko kideak. Aurten, gainera, batzordeak oso “indartsu” sumatu dituztela nabarmendu nahi izan du Kobeagak: “Orain bi edizio bizi izan genuen pandemia, eta 2022ko Euskaraldian sumatu zen haren arrastoa oraindik. Aurten, ordea, batzordeetan jende gehiago ibili dela jakin badakigu, hainbat herritatik jaso dugun mezua izan baita hori”. 

Batzordeen lanarekin batera, Euskaraldiaren beraren garrantzia ere azpimarratu dute, eta euskararen erabileran eragiteko “orain-oraingoz daukagun tresna indartsuena” bezala definitu dute. “Orain da euskararen erabileran jauzia eman ahal izateko batzeko tenorea; denok batera eraginda entzungo baita euskara gehiago gure kaleetan”, esan du Kobeagak.  “Bi urtez behin egiten dugun ariketa masiboa probestu behar dugu abiada hartu eta urte guztian euskara gehiago erabili eta entzuteko”, gaineratu du.

Kobeagarekin batera egon da Joseba Palenzuela, Mutrikuko batzordeko kidea. Euskaraldiak herrian sortzen duen mugimendua azpimarratu du bere hitzartzean, “herri mailan mugimendu polita Euskaraldiaren bueltan. Aurreko edizioan 5 bat lagun izatetik, oraingoan 10-12 izatera pasa gara, eta ilusioz gabiltza”.

Izena ematearen garrantzia

Euskaraldian oraindik izena eman ez duten herritarrek badute aukera ahobizi edo belarriprest izango diren esateko, ariketa hasi arte izen-ematea irekita egongo baita. Jakina denez, ariketan parte hartzeko bakoitzak bere rolaren berri ematea beharrezkoa da. Datu gutxi batzuk beteta ematen dute izena herritarrek www.euskaraldia.eus webgunean. 

Izena emateak aldez aurreko hausnarketa dakar berarekin, parte-hartzaileek ahobizi edo belarriprest rolen artean aukeratu behar dute eta. Rol bakoitzak jokatzeko modu ezberdinak eskatzen ditu. “Rola aukeratzean, euskaraz hitz egiteko dugun gaitasuna baino euskaraz zenbat, zenbatekin eta zenbatetan egingo dugun erabakitzea da garrantzitsua”, azpimarratu du Kobeagak. Erabaki horrek bakarrik norberak 11 egun horietan izango duen jarreraren eta portaeraren inguruan pentsarazten du, beraz.  Eta 11 egun horietan, parte-hartzaile guztiek hartutako erabakiei esker,  egunerokotasunean, euskararen presentzia areagotzea lortzen du Euskaraldiak.

Euskaraldiaren eta, oro har, euskararen aurrean jarrera aktiboa izateko deia egin dute antolatzaileek, izena ematen duten unetik bertatik: batzordeetan parte hartuz, herrietan antolatutako ekitaldietara joanez, eta gehienbat, Euskaraldiak eskatzen dituen ohitura aldaketak egiteko ahalegina eginez. Izan ere, ariketaren helburua euskara gehiago (gehiagorekin eta gehiagotan) erabiltzea da, eta horretarako, ohitura zehatz batzuk hartzea proposatzen du: lehen hitza beti euskaraz egitea, eta euskaraz dakien guztiarekin euskaraz jarraitzea -elkarrizketa elebidunak normalizatuz-. 

Txapa beti paparrean

Gaurko egunez hasi dira Lekeitioko herritarren artean Euskaraldiko txapak banatzen. Ezinbesteko elementua da txapa ariketarako, izan ere, identifikagarri horrek erakusten du parean dugunak euskara badakiela, eta mezu argia bidaltzen du: “nirekin hitz egin euskaraz, lasai!”. “Norberarentzat baino aurrean dugunarentzat da baliagarria txapa, hizkuntza bat edo beste aukeratzean sortzen zaigun estresa murrizten du horrela, eta euskaraz askoz erosoago aritzeko aukera ematen digu”, adierazi du Mutrikuko batzordeko kideak. 

Txapa non jaso jakiteko, Euskaraldiaren webgunean (www.euskaraldia.eus) dagoen mapan egin daiteke kontsulta, herriz herriko informazioa jasotzen baita bertan.

Ekitaldiaren amaieran festa giroa nagusitu da Lekeitioko plazan, txarangak eta talo usainak alaitu die eguerdia txapa jaso edo izena ematera bertaratu diren herritarrei. Gainera, bertaratu diren hainbat aurpegi ezagunek -kirolari, aurkezle…- ere parte hartu dute txapa banaketan eta izen-emateak jasotzen. 

Euskaraldia ate joka da, eta Euskal Herria prest dago ariketa esku zabalik hartzeko. 

Informaziorako

Jarrai gaitzazue sareetan
Euskaraldia
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientzia onena eman ahal izateko. Cookie-ei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean, cookie-ei buruzko informazioa ezagutzeko eta gure taldeari webguneko zer atal interesgarri eta erabilgarri dituen ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.