Kontakizuna
Lehen edizioko EUSKARALDIA 11 egunez burutzera iritsi aurretik bide luzea egin zuen ekimenak. Euskaraldia bera sortu aurretik ere Euskal Herriko herri askotan egin zituzten euskarazko hizkuntza-ohiturak aldateko ariketak. Kontakizun honek aurrez egindako lan itzelaren ispilu izan nahi du.
Lutxo Egiaren “Bi-lingual: transitoak”
2015eko ekaina. Bi-lingual: Transitoak performancea egin zuen Egiak Bilbon: gaztelerarik hitz egin gabe eman zituen 31 egun, euskaraz hutsez komunikatzen, eta ingelesa ezinbestekoa zenean. Egiaren helburua zen “bizi naizeneko tokiaren hizkuntza hegemonikoaren ahaztea” horrek zuen eragina ikustarazteko. https://www.berria.eus/blogariak/transitoak/
"Egian euskaraz bizi nahi dugulako"
2016ko urtarrilaren 8tik martxoaren 4ra. Ia bi hilabetetan zehar, astez asteko txandak antolatuta, euskaraz bizitzeko saiakera egin zuten Egiako auzokideek.
https://egianeuskaraz.wordpress.com
Agurainen 75 ordu euskaraz
2016ko azaroa. Aguraingo hainbat euskaldunek Agurainen 75 ordu euskaraz ekimena egin zuten. Euskararen ezagutza eta erabileraren artean dagoen desorekak kezkatuta, bertako euskaldunak ahalduntzea eta aktibatzea zen helburu nagusia, hau da, norbanakoen hizkuntza portaeretan eragitea. https://aguraineneuskaraz.wordpress.com/
9. euskararen maratoia eta baietz 40 egun euskaraz! (Lasarte-Oria)
Lehen aldiaz agertu ziren Ahobizi eta Belarriprest rolak. Lasarte-Oriako kasuan 40 egunetan zehar luzatu zen ariketa, belarriprest zirenek 6 astetan hartu zuten rola, eta ahobizi zirenek astebetez ariketa egiteko eman zuten hitza.
https://40egun.euskararenmaratoia.eus/
Udaltop 9
2017ko maiatzak 11-12. 2017ko Udaltop jardunaldietan jarri zen mahai gainean galdera: Nola uztartu gizartearen aktibazioa eta hizkuntza-ohituren aldaketa? Horri erantzuteko, besteak beste, Aguraingo, Lasarte-Oriako edota Egiako aurrekarien inguruan mintzatu ziren. Eta horren harira, Euskaraldiaren lehen oinarriak aurkeztu ziren jendaurrean: Euskarak 365 egun: hizkuntza-ohiturak eta gizarte aktibazioa Euskal Herrian eta elkarrekin lantzeko proposamen berria izenburupean. http://www.udaltop.eus/es/2017/egitaraua
Donostiako mintegia
2017ko urriaren 7a. Euskaraldiaren inguruko proposamena lehen aldiz aurkeztu zen Donostiako mintegian; saioak ekimena martxan jartzeko abiapuntua eskaini zuen. Guztira 200 bat lagun bildu ziren Euskaraldiaren antolaketako lehen urrats honetan: euskaltzaleen elkarteetako kideak, euskalgintzako hainbat eragile, euskaltzale antolatu gabeak, udaletako euskara teknikariak, erakunde publikoetako arduradunak, zinegotziak…
Euskaraldiaren aurkezpen nagusia
2017ko azaroaren 23a. Bilboko Arriaga antzokian bildu ziren Euskaraldiaren sustatzaile ziren 27 entitate eta erakundetako ordezkariak, Euskaraldia zer izango zen aurkeztera. Urtebete gelditzen da Euskaraldia hasteko.
Herrien izen-ematea
2018ko urtarrilaren 23a. Herriek Euskaraldian izena emateko aukera izan zuten data honetatik aurrera: udala, herritarrak, elkarteak… bildu eta Euskaraldia antolatzeko helburuarekin. Ariketa egiteko garaia iritsi zenerako 400dik gora herrik emana zuten izena.
Herrietako batzordeen mintegia
2018ko martxoaren 18a. Lehen aldiz bildu ziren herrietako batzordeak mintegi batean. Bilboko Itsas Museoan, 64 herritako 150 lagun batu ziren Euskaraldiaren nondik norakoak argitzeko: ariketaren aurrekariak, ezaugarriak, prestakuntza, saretzea, ikerketa… izan ziren hizpide.
Euskaraldiaren lehen hamaikakoaren aurkezpena
2018ko apirilaren 18a. Euskaraldian enbaxadore izan diren hamaikako taldea aurkeztu zen Bilbon. Bertan, herritarren izen ematea aktibatzeko lehen deia egin zuten taldekideek.
Entitate sustatzaileen aurkezpena
2018ko maiatzaren 31. Euskaraldiaren 2018ko jomuga herritarak aktibatzea bazen ere, herritarrek bizitza entitateei lotuta egiten dute (elkarteak, enpresak, erakundeak…), horregatik, horiek ere euskaraz hitz egiteko inguru abegikor bilakatzea garrantzitsua zen. Gasteizen egin zen lehen aurkezpen honetan 50 bat entitate bildu baziren ere, 2018ko azarorako 200 entitate inguru zeuden sustatzaile moduan izena emanda.
Izen-ematearen irekiera
2018ko irailaren 20a. Egun honetatik aurrera nahi zuen herritar orok izan zuen Euskaraldian izena emateko aukera. Irekiera irudikatzeko ekitaldia egin zen Iruñeko Zentral aretoan; orduan hasi eta azaroaren 23a bitarte 225.000 lagunek eman zuten izena ariketan parte hartzeko.
Hezkuntza eragileen atxikimendua
2018 azaroaren 15a. Hezkuntza arloko eragileek Euskaraldiari atxikimendua eman zioten eta atxikipen dokumentua sinatu zuten. Hezkuntza komunitateko kide diren herritarrak aktibatzea zen helburua, eta horregatik, guraso, hezitzaile eta 16 urtetik gorako ikasleak ahobizi edo belarriprest rolak har zitzaten animatu zituzten.
Unitate didaktikoen aurkezpena
2018ko azaroaren 6a. AEK, Ikastolen Elkarteak eta Gipuzkoako Urtxintxa taldeak elkarlanean sortutako unitate didaktikoak aurkeztu zituzten. Bertan, haurrentzat eta gazteentzat ikastetxean lantzeko Euskaraldiaren inguruko unitate didaktikoak daude, batetik; eta euskaltegietan lantzeko unitateak, bestetik.
EUSKARALDIA
2018ko azaroaren 23tik abenduaren 4ra. 11 egun euskaraz bizitzeko aukera izan zuten Euskal Herri guztiko 225.000 ahobizi eta belarriprestek. Hizkuntza ohiturak aldatzeko itzelezko pausoa izan zen.
Lehen balorazioa
2018ko abenduaren 4a. Ariketa bukatuta, lehen balorazioa egiteko unea iritsi zen: “Euskaraldiak jarraipena izango du”
EUSKARALDIA 2020
2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egin zen bigarren ariketaldia: gehiago, gehiagorekin, gehiagotan. Bigarren edizio honetan Ariguneak izan ziren berrikuntza aipagarriena: entitateek ere parte hartu zuten ariketan.