Datorren asteazkenean, martxoaren 14an Iruñeako Kondestable jauregian egingo da Euskaraldiaren Nafarroako aurkezpena. Reyes Illintxeta kazetariak zuzenduko du ekitaldia eta hainbat hizlari izango dira.
- Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok, Euskarabideako zuzendari Mikel Arregik eta Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Elena Laka eta koordinatzaile Oskar Zapatak Nafarroako Euskaraldia aurkeztuko dute.
- Kike Amonarriz soziolinguistak euskararen normalizazioa prozesuan Euskaraldiak duen funtzioa azalduko du.
- Eneko Gorrik, Baiona, Angelu eta Miarritzen egindako BAM ekimenaren berri emango du.
- Arrate Illaro Euskaltzaleen Topaguneko kide eta Euskaraldiko koordinatzaileak berriz, ekimenaren xehetasunak aletuko ditu.
Aurkezpena arratsaldeko 5,30ak eta 8,00ak artean egingo da Kondestable jauregian eta sarrera librea izango da. Aretoa bete arte, ekitaldira hurbiltzen diren lagun guztiek parte hartu ahal izango dute.
Euskaraldia Nafarroan
2017ko azaroaren 23an Euskaraldia aurkeztu zenetik, hainbat aurkezpen eta abiatze saio egin dira Nafarroako eskualde ezberdinetako udalerrietan. Aurkezpen hauetan euskaltzale ugarik parte hartu dute eta asko dira herriz-herri antolaketa lanean hasita dauden batzordeak. Webgune honetan bertan dagoen mapan ikus daiteke astetik astera gero eta gehiago direla 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den ekimenean parte hartzeko izena ematen duten herriak.

Ana Ollo eta Oskar Zapata, hitzarmenaren sinatze ekitaldian
Lurraldean egiten diren koordinazio eta hedapen lanak egin ahal izateko, hitzarmena sinatu berri dute Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaleen Topaguneak. Hitzarmenean jaso den modura, Topaguneak bere gain hartu du ekimenaren diseinua, dinamizazioa, formazioa, komunikazioa eta baliabideen egokitzapena zein kudeaketa. Euskarabideak lagunduko du, Nafarroako Gobernuaren izenean, lan hori.
Hitzarmena Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak eta Oskar Zapata Euskaltzaleen Topaguneko Nafarroako koordinatzaileak sinatu dute martxoaren 9an egindako ekitaldian.