2018ko abenduaren 3an bukatu zen lehen Euskaraldia, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa berritzailea. Jakina da milaka lagunek hartu zutela parte orduko ariketan eta lan itzela egin zuten herrietako batzordeek hori lortzeko. Lehen edizioa bukatuta, bigarrenari ekitea tokatzen da. 2019-2020 edizioa martxan jartzeko unea da eta, berriz ere, herri batzordeei dagokie lekukoa hartzea.
Horretarako, irekita dago jada herri batzordeek izena emateko epea. Iaz Euskaraldian egon ziren herri batzordeek berretsi beharko dute partehartzea webgunean dagoen galdetegia beteta; eta iaz antolatzaile moduan izena eman ez zuten herriek izango dute aurten Euskaraldian egoteko aukera, noski. Biek ala biek izena eman beharko dute Euskaraldiko webgunean, herrien atalean.
Baina, izena ematen hasi aurretik batzordeak partehartzea berretsi beharko du. Hau da, iaz parte hartu zuten batzordeak berriz bildu beharko dute (udaleko ordezkariak, herritarrak, herriko eragileak…) 2019-2020ko Euskaraldian parte hartu nahi duten edo ez erabakitzeko.
Hasierako bilkura hauetarako, gainera, herritarrei deialdi irekiak egitea komeni da; ahalik eta herritar eta eragile gehien biltzeko (deialdiak egiteko kartelak eta bestelako informazioa duzue izena emateko galdetegiaren azpian).
Izena ematen duten batzordeek webguneko intraneterako sarbidea eskuratuko dute, eta bertan topatuko dute herrian Euskaraldia antolatu ahal izateko beharrezko euskarriak eta informazio guztia.
Taldeetan ere Euskaraldian parte hartzeko aukera
2019-2020an egingo den bigarren edizioan pausu berriak emango ditugu eta, norbanakoek ez ezik, entitateek ere neurriak hartuko dituzte euren eremuko langile, bazkide edota kideen hizkuntza praktika berriak bultzatzeko. Beraz, norbanakoen erabaki esparruan aritzetik, taldeetara ere egingo da salto bigarren edizio honetan, eta entitatearen lana izango da kideei Euskaraldian parte hartzeko bidea ireki eta erraztasunak eskaintzea.
Berrikuntza hau dela eta, herrietako batzordeek inguruko entitateetara jo beharko dute Euskaraldiaren alor berri hau zertan datzan azaltzeko eta parte hartzeko gonbiteak luzatzeko. Entitateetara joateko lan honek luze jo dezakeenez berandu baino lehen antolatu eta batzordeak martxan jartzea komeni da.
Herri batzordeek izena emateko: HEMEN