Datorren urtean egingo den Euskaraldia ariketa sozialaren bigarren edizioan, ariguneak sortzeko prozesua martxan jarri dute jadanik Euskal Herriko lurralde ezberdinetako hainbat erakundek. Atzo arratsaldean Itsasmuseum Bilbao itsas-museoan egindako ekitaldian aurkeztu zituzten konpromiso hori agertu duten entitateen arteko hamabost. Izaera, tamaina, jatorri eta sektore ezberdinekoak dira aurkeztutako entitateak. Lehen entitate hauek datorren urteko ariketa sozialerako erakunde barruan ariguneak antolatzeko baldintzak dituzten aztertzeko, gune horiek identifikatzeko eta bultzatzeko konpromisoa hartu dute.

Hauek dira Bilbon aurkeztu diren hamabost entitateak: Oreka IT aholkularitza-taldea, Deustuko SGEL liburu-denda, GKN Zumaia, Iruñeko Duguna dantza taldea, Kutxabank, Athletic Fundazioa, Musikene goi-mailako musika ikastegia, Elika Fundazioa, Euskal Herriko Laborantza Ganbara, Bilgune Feminista, Laneki lanbide heziketarako ikasmaterialen argitaletxea, Artepan okindegiak, Sokoa altzari ekoizlea, Euskal Herriko Meatzarien Museoa eta UVESCO taldea.

Hurrengo hilabeteetan entitate horietan ariguneak sortu, bultzatu, identifikatu eta babesteko prozesua martxan jarriko da, Euskaraldian zehar arigune modura aritzeko prest egon daitezen. Lehen entitate hauek beraien sektoretan parte hartzeko deia egin dezaten burutu zen atzo aurkezpena, nork bere arloan trakzioa egitea bultzatzeko.

Euskararen biziberritzearentzat oso garrantzitsuak diren eremuetan (besteak beste, aisialdian, alor sozio-ekonomikoan eta administrazioan) euskararen erabilera bultzatzeko neurri praktikoak bultzatzea du xede Euskaraldiaren bigarren ediziorako proposatu den berrikuntzak. Eremu horietan lehendik dauden planak eta ekimenak osatzera dator Euskaraldiaren proposamena, enpresetan eta erakundeetan egiten diren euskara planen osagarri eta lagungarri izan daitezen.

 

Norbanakotik taldera: urrats bat aurrera

Lehen Euskaraldiak hiztunen banako harremanetan eragiteko ariketa proposatu zuen: ahobizi eta belarriprest rolak aurkeztu eta gizarteratzeko balio izan zuen. Milaka lagunek beren hizkuntza portaerak aztertu eta horiek aldatzeko lehen urratsak eman zituzten ariketa baliatuz. Aldaketa horretan nabarmen eragin zuen gizartean sortutako babes giroak. Azken aldagai hori oso kontuan hartu da hurrengo ediziorako proposamen berria osatzeko.

Bigarren edizioan urrats bat gehiago emango da, ahobizi eta belarriprestek hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egiteaz gain, taldeko harremanetan ere eragin nahi baita. Antolatuta dauden eremuetan (enpresa, erakundea, elkartea, klub-a, fundazio, kirol-taldea…) proposatuko da 2020ko ariketa soziala, eta ariguneak sortzera bideratuko dira entitateak.

Ariguneak entitateen baitan dauden euskaraz aritzeko gune babestuak dira, arigunea osatzen duten kide guztiek euskara ulertzeaz gain, euskaraz hitz egin nahi dutenekiko aldekotasuna adierazten baitute. Horregatik, ariguneetan euskarazko harremanek zilegitasuna eta babesa izango dute eta errazagoa izango da bertan euskaraz aritzea. Bi motatako ariguneak sortuko dira ariketarako: batetik, erakunde hauen barne funtzionamenduan euskararen erabilera babesteko sortutako barne-ariguneak, eta, bestetik, herritarrekiko harrerarako edo kanpo harremanetarako dituzten kanpo-ariguneak. Barnekoek balioko dute entitate barruko funtzionamendua euskaraz izateko eta kanpokoek uneoro euskarazko zerbitzua edo arreta eskaini ahal izateko.

Lehen Euskaraldian entitateak sustatzaile izan zirela nabarmendu zen agerraldian, beraien kideak ahobizi edo belarriprest modura aritzera animatzeko funtzioa izan zutela, alegia. Bigarren edizioan, ordea, ariguneak sustatzeaz gain, arigune horiek babesteko neurri praktikoak hartzeko ardura izango dute.

Atzoko prentsaurrekoan parte hartu zuten zenbait erakundetako ordezkariek azaldu zuten lehen Euskaraldian izandako esperientziak bultzatu dituela urrats gehiago ematera. Duguna dantza taldeko zuzendari Aritz Ibañezek, esaterako,  azpimarratu zuen Euskaraldiaren lehen edizioan “taldeko dantzari gehienek izena eman zutela eta ariketak iraun zituen 11 egunetan egindako 3-4 errepiketan ez zela euskarazkoa ez zen hitzik entzun”. 2020ko Euskaraldiak “egindako hautuan sakontzeko eta euskararen inguruko taldekideen hizkuntza ohiturak indartzeko eta egonkortzeko balioko izatea” espero du Ibañezek.

Kutxabank-eko Txikizkako Negozioaren Zuzendari Eduardo Ruiz de Gordejuelak ere, ildo beretik, ondokoa adierazi zuen: “2020ko Euskaraldiak, aurreko aukera berritzearekin batera, erakundearen inplikazio handiagoa eskatuko digu, eta, gure kasuan, aurreko edizioan landu gabeko eremuak lantzeko aukera zabalduko digu. Euskararen ahozko ezagutzaren kudeaketatik erabileraren kudeaketarako urratsa ematen laguntzea”.

 

Urratsez urrats, aurrera

Euskaraldiaren koordinatzaile Rita Aldabaldetrekuk “ekimenaren izaera progresiboa” azpimarratu nahi izan zuen. “2020an egingo den ariketak aurreko ediziokoak baino egun gehiago izateaz gain, herritarrak taldeko erabakiak hartzera bultzatzea ere badu xede, eragina areagotzeko baliagarri izango delakoan eta taldearen zein entitateen babesean, ohiturak eta portaerak aldatzeko baldintza hobeak sortuko direlakoan”. Kopuruetan baino, ariketaren eraginean jarrita du, aurtengoan ere, koordinatzaile sareak helburua, gizarte aldaketek denbora eta ekina eskatzen baitute. Horregatik, hizkuntza ohiturak aldatzeko helburua berretsita, ahobizi eta belarriprest rolek jarraituko dute dinamikaren erdigune izaten. Horrekin batera, entitateen neurri zehatzak bultzatu nahi dira, euskaraz aritzeko gune babestuak iraunarazteko.

Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Lorea Bilbaok Euskaraldia erakunde askoren arteko elkarlanaren emaitza dela azpimarratu zuen. Era berean, erabilerarako babes guneak sortzeko aurretik egon diren esperientziak eredu izango direla ere aipatu zuen, Bizkaiko Foru Aldundian bertan egindako esperientziak aipatuz.

 

Entitateek beraien ariguneak inskribatzeko epea zabalik

Gaurko agerraldia entitateek ariguneak inskribatzeko epea zabalik dutela gogorarazteko baliatu da. Izen-ematea Euskaraldiaren webgunearen bitartez (https://euskaraldia.eus) egin ahal izango dela azaldu dute antolatzaileek. Webgunean bertan azaltzen da ariguneak sortu eta inskribatzeko prozesua. Inskripzio epea 2020ko uztailera arte egongo da zabalik, denbora beharko baitute entitateek 2020ko azaroaren 20tik aurrera egingo den ariketarako prestatu ahal izateko. Hala ere, izena eman ahal izateko, ariguneak non dituen identifikatu beharko du entitateak, eta kideekin adostasuna hitzartu.

 

Hainbat erakundetako ordezkariak

Agerraldian hamabost entitateetako ordezkariez gain, Euskaraldiaren koordinazio mahaia osatzen duten entitateetako kideek eta beste zenbat erakundetako ordezkariek parte hartu zuten. Bertan izan ziren Euskaltzaleen Topagunearen izenean, Kike Amonarriz lehendakaria; Eusko Jaurlaritza ordezkatuz, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailburua; Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoaren presidente eta Euskal Hirigune Elkargoko Hizkuntza Politika lehendakariordea; Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatua eta Koldo Narbaiza Bilboko udaleko euskara zinegotzia.

Ekitaldian, Euskaraldiaren koordinazioan ari den Rita Aldabaldetrekuk aurkeztu zituen ariguneen gaineko xehetasunak eta bi entitatetako ordezkariek azaldu zituzten bakoitzaren esparruan Euskaraldiarekin bat egiteko aurreikusi dituzten urratsak: Iruñeko Duguna dantza taldeko zuzendari Aritz Ibañez eta Kutxabankeko Txikizkako Negozioaren Zuzendari Nagusi Eduardo Ruiz de Gordejuela.