Herrien izen-emateko epea apirilaren 30era arte luzatu da2018.04.09

Hasiera batean apirilaren 8a jarri bazen ere azken eguntzat, herriek izena emateko epea luzatzea erabaki da. Nafarroako eta Iparraldeko Euskaraldiaren aurkezpenak martxoaren erdialdean egin ziren, eta hortik aurrera ari dira lurralde hauetako herri askotan batzordeen abiatze saioak egiten. Horregatik, eta azken asteotan jasotzen ari den izen-emate kopurua aintzat hartuta, epea luzatzeko erabakia hartu da.

Apirilean, gainera, Euskaraldiaren aurkezpenek hilabete guztian zehar jarraituko dute. Lurralde guztietan dira izena eman ez duten herriak eta, lehen epea amaitu bada ere,  hala behar duenak izena emateko aukera izango du apirilean.

Asko eta asko dira, batzarrak egin ostean, Euskaraldian izena ematea erabaki duten herriak. Gaur-gaurkoz milaka lagun ari dira, Euskal Herri osoan, batzordeak sortzen eta ekimena prestatzen (informazioa eta izen-ematea: euskaraldia.eus).

 

Hurrengo pausoak

Behin herrien izen-ematea amaituta, batzordeen mintegiak burutuko dira. Mintegi hauetan herrietako batzordekideei lanerako tresnak eta baliabideak eskainiko zaizkie, gero eurek herrietan lan egin dezaten. Apirila eta maiatzaren bueltan, beraz, mintegi bana egingo da lurralde bakoitzean.

Mintegiak amaitutakoan, berriz, prestakuntzaren txanda iritsiko da. Euskaraldian parte hartuko duten ahobizi eta belarriprestei herrietan prestakuntza saioak eskainiko dituzten lagunen sarea osatu nahi da. Horretarako, herrietako saioak gidatzen egongo diren lagunak prestatzeko ikastaroak eskainiko dira, lurralde bakoitzean saio bana.

 

Ahobizi eta belarripresten izen-ematea

Eta uda amaitutakoan norbanako izen-emateak biltzen hasiko gara. Irailetik aurrera Euskaraldian parte hartu nahi duen orok eman beharko du izena, belarriprest edo ahobizi izan nahi duen azalduz. Horiek guztiek hartuko dute parte azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskaraldian, 11 egun euskaraz biziz.

Informaziorako

Jarrai gaitzazue sareetan