Euskaraldia, 11 egun euskaraz ekimenean parte hartzeko herrien izen-ematea zabalik dago. Urtarrilaren 23tik apirilak 8ra arte www.euskaraldia.eus webgunearen bitartez eman daiteke izena, bertan dagoen formularioa beteta.

Herriko euskalgintzako eragileak (udaleko euskara saila, euskaltzaleen elkartea, euskaltegia, euskaltzale norbanakoak eta abar) elkarlanean aritzea da ekimena eraginkorra izateko ezinbesteko ezaugarria, eta, izena eman aurretik, elkarlan hori martxan izatea proposatzen dizuegu. Hala ere, batzordea lanean hasi ez bada, baina laster martxan jartzekotan egonez gero, jakinaraztea eskertuko genizueke (horretarako ere formularioa erabili).

Behin izen ematea burutu denean, Euskaraldia lantaldeko kide bat herriko ordezkariarekin harremanetan jarriko da, ondorengo urratsak azaltzeko eta intraneterako sarbidea emateko.

Euskaraldia auzoan, herrian zein eskualdean antolatu daiteke. Are gehiago, herri txikien kasuan, interesgarria izan liteke eskualde gisa aritzea eta indarrak batzea. Bakoitzaren eremuan modu egokienean koordinatzea da helburua.

Euskaraldia, 11 egun euskaraz ekimena 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo dugu. Orain arteko dinamikek erakutsi dutenez, hilabeteak behar dira ekimena behar bezala antolatzeko, eta horregatik proposatzen dugu apirilerako herriak martxan egotea. Gainera, Euskal Herri osoko hainbat herritan gauzatuko dugu Euskaraldia, eta elkarrekin gutxieneko koordinazioa bermatu nahi genuke. Hala ere, lehen esan bezala, herriren batek apirilaren 8a baino lehen aktibazioa burutzeko arazorik baldin badu, bete formularioa, mesedez.
Bestalde, herri, auzo edo eskualde batean ekimena antolatzeko baldintza egokirik ez baldin badago, entitate gisa izena emateko aukera dago.

Herriak martxan jartzeko garaia da. Herritarren izen ematea irailean irekiko da; orduan, belarriprest edo ahobizi figuren bitartezko parte hartzea definitu ahalko dute.