HAMAIKAKOAK
Hamaika lagunek osatzen dute Euskaraldiaren hamaikakoa. Hamaikakoa osatzen duten kideek euskararen erabilera bultzatzeko urratsa eman dute Euskaraldian zehar.
Horrez gain, ekimenaren enbaxadore ere dira, eta herritarren parte hartzea aktibatzen dute, Euskaraldiaren berri haien inguruan emanez.
Euskal Herriko hamaikako orokorraz gain, herriz herri eta entitatez entitate ere sortzen dira hamaikakoak.
HAMAIKAKOAK
Hamaika lagunek osatzen dute Euskaraldiaren hamaikakoa. Hamaikakoa osatzen duten kideek euskararen erabilera bultzatzeko urratsa emango dute Euskaraldian zehar.
Horrez gain, ekimenaren enbaxadore ere izango dira, eta herritarren parte hartzea aktibatuko dute, Euskaraldiaren berri haien inguruan emanez.
Euskal Herriko hamaikako orokorraz gain, herriz herri eta entitatez entitate ere sortuko dira hamaikakoak. Eta Euskaraldian parte hartuko duten ahobizi eta belarriprest guztiei ere gonbitea egiten diegu nork bere hamaikakoa osatu dezan, hau da, hizkuntza ohiturak aldatzeko aliatu izango dituzten hamaika lagunen zerrenda osa dezan.
EUSKAL HERRI MAILAKO HAMAIKAKOA
Ondorengo lagunek osatu dute Euskaraldiaren laugarren edizioaren Euskal Herri mailako hamaikakoa:
Eneko Atxa Azurmendi
2005ean ireki zuen Azurmendi jatetxea, eta bi urteren buruan lortu zuen Atxak lehen Michelin izarra. Ordutik hiru Michelin izarren jabe bihurtu da. Azurmendiz gain beste zazpi jatetxe ditu munduan barrena (Eneko Larrabetzu, Tokyo eta Karuizawan; eta Eneko Basque Sevillan, Madrilen eta Bilbon). Euskal Herriko sukaldari handienen artean dago Eneko Atxa. Euskaraldian parte hartzen du euskarak euskaldun egiten gaituela sinisten duelako eta bere erronka pertsonala izango da euskara lau haizetara zabaltzea eta bere inguruan eta lan-esparruan hizkuntzaren sustapen sutsua egitea.
Euskara da euskaldun egiten gaituena eta niretzat nortasunarekin eta herrialdearekin batu eta lotu egiten nauen benetako altxorra da.
Oihana Azkorbebeitia Urizar
2006tik da mendi-lasterketako euskal selekzioko kidea, dozenaka garaipen lortuta. 2022an Skyrunner Munduko Kopan txapeldunorde izan zen, eta 2023an Zegama-Aizkorri lasterketan beterano mailako txapela jantzi zuen. Euskaraldian parte hartzen du euskararen presentzia bultzatzeko, eta bere erronka nagusia edozein lekutan lehen hitza beti euskaraz egitea izango da.
Lehenengo hitza euskaraz eginez jendea euskaraz erantzutera animatzen duzu.
Aitor Bengoetxea Zabalza
Musika genero urbanoaren baitan Bengo izenarekin da ezaguna Aitor Bengoetxea. 2021. urtean 4 Taupada albuma kaleratu zuen, 2023an Bizirik diskoa eta Beste behin eta Ez da betiko singleak 2024an argitaratu zituen. Txikitatik atzerriko kultura den Hip-Hop mugimenduan murgilduta egon da eta, Euskaraldiaren bidez, kultura berriak euskalduntzeko ekarpena egin nahi du Break Dance taldeko kideekin euskaraz arituz eta dantza pausoak euskaraz izendatuz. Gainera, hitanoa ikasi eta erabiltzeko erronka berezia ere hartuko du laugarren edizioan.
Kultura berriak euskalduntzea oso garrantzitsua iruditzen zait.
Lutxo Egia del Rio
Haurra zela etorri zen Bilbora bizitzera, eta gaztea zela euskaldundu zen Egia. Euskal kultura eta hizkuntzaren inguruan hainbat liburu idatzi ditu. 2015ean, Bi-lingual: Transitoak performance entzutetsua egin zuen Bilbon, Euskaraldiaren hazia izango zena. Ariketaren laugarren edizioan ahobizi moduan parte hartuko du.
Euskaraldia ariketa kolektibo bat den heinean, hiztun moduan nor garen hobeto ulertzen dugu, bai geurea eta baita besteen errealitatea ere.
Eneko Garcia Jaurena
Albina Stardust trabestia da Eneko. Izar diska kaleratu eta hainbat ikuskizun eskaini ditu; telebistan ere ikusgai izan da, hala nola Biba Zuek saioan. Euskaraldian zehar bere burua euskara gehiago erabiltzera bultzatu eta ingurukoak animatu nahi ditu. Bere erronka nagusia, beraz, lagunen artean, kalean eta aisialdian euskara lehenestea izango da.
Nire burua, modu konszientean, euskara gehiago erabiltzera behartzea garrantzitsua iruditzen zait.
Ana Goitia Erkiaga
Hamaika saltsatan ibilitakoa da Goitia. Kazetaria, telebistako aurkezlea, umoregilea eta moda munduko profesionala ere bada. Atera Kontuak eta Akelarre programak aurkeztu du, baita kolaboratzaile lanetan ibili ere, Gure Kasa, Biba Zuek eta Gora Bihotzak saioetan, besteak beste. Aurten Katana izeneko bakarrizketa luzea aurkeztu du, kritikarako eta hausnarketarako egindako lana. Euskaraldian parte hartuko du euskaraz bizitzen jarraitu nahi duelako eta jende gehiago euskaraz egitera animatu nahi duelako. Bere erronka lehenengo hitza beti-beti euskaraz egitea izango da.
Euskaraz bizitzen jarraitu nahi dut eta Euskaraldia bezalako mugimenduak beharrezkoak dira euskarak irmo jarrai dezan.
Itziar Ituño Martinez
ETB1eko Goenkale saioan egindako lanak egin zuen ezagun Ituño Euskal Herrian. Baina mundu mailan ezagun La casa de Papel telesailak egin zuen. Filmetan ere hartu du parte Ituñok, Loreak edota Lasa eta Zabala dira, agian, ezagunenak. 2022an Fotogramas de Plata saria irabazi zuen Intimidad-en egindako lanagatik, baina luzea da horrez gain jaso dituen sarien zerrenda. Aktore lanetan ezezik, musika taldeetan abeslari ere ibili da basauriarra. Ituñok, behin baino gehiagotan, erakutsi du kontzientzia linguistiko handia duela eta euskararen alde egin eta eragin izan du hainbatetan.
Ez dukagu bermatuta euskarararen bizirautea; horregatik, ahal dudan guztia ematen saiatzen naiz.
Roberto Moso Gil
Musika talde batean abeslari izateaz gain, Euskal Rock Erradikalaren ikur izan zen Moso. Musikari eta kazetari ibilbide oparoa du, Radio Euskadin eta prentsan urte luzez aritu baita. Euskaraldiak euskararen erabilera aktibatzeko duen garrantzian sinesten du eta ekimena beharrezkoa dela irizten dio. Laugarren edizioko bere erronka nagusia telefono bidezko elkarrizketa guztiak euskaldunekin beti euskaraz egitea izango da.
Euskararen aldeko ekimenak guztiz beharrezkoak dira.
Zibel Damestoy Untsain
Dantzaria eta koreografoa, Leinua taldean hasi zen euskal dantzak ikasten eta geroztik Bilaka kolektiboan sartu zen dantzari eta ko-koregrafo bezala. Gernika ikuskizuna taularatu dute azken urteetan. Bere erronka nagusia lanean frantsesa ez erabiltzea eta espazio publikoan lehen hitza euskaraz egitea izango da.
Euskarak bere tokia izan behar du espazio publikoan eta posible da euskaldun berri izatea eta euskaraz bizitzea.
Esti Urresola Solaguren
20.000 especies de abejas filmarekin Goya sarietan gidoi onenaren eta zuzendari berriaren garaikurra eskuratu zuen Urresolak 2023an. Euskararen biziberritzean laguntzeko asmoz parte hartuko du Euskaraldiaren laugarren edizioan, harro baitago ekimenak Euskal Herrian izan duen arrakastaz. Bere erronka honakoa da: lehen hitza beti euskaraz egitea, bai ahoz, bai idatziz, edozein egoeratan.
Pozten nau ikusteak horrelako ekimen xumeekin egin dezakegula aldaketa.
Mikel Urrutikoetxea Azkueta
Pilota arloan Urrutikoetxea deituraz ezaguna da Mikel. Kirol ibilbide oparoa izan du: 2009an bihurtu zen profesional, eta urte horretan bertan bigarren mailako 4 1/2ko txapela jantzi zuen. Ordutik, hiru Txapelketa nagusiak irabazi ditu: Buruz Burukoa, 4 1/2koa eta Binakakoa. Historian zortzi pilotarik baino ez dute lortu hori egitea. Urrutikoetxeak Euskaraldian parte hartzen du guztion ahaleginak garrantzitsuak ikusten dituelako. Bestetik, bere erronka izango da eremu guztietan lehen hitza beti euskaraz izatea.
Gure eskuetan dago euskararen osasuna eta guztion ahalegina behar du.
Herrietako eta entitateetako hamaikakoak
Herriek eta entitateek ere hamaikoak osatzen dituzte.
Hemen dituzue ikusgai!






