● www.euskaraldia.eus gunean, modu errazean, egongo da zein rol hartuko duten jakinarazteko aukera.
● Euskaraldia hasteko bi hilabete falta direla ireki dute herritarrek izena emateko epea Gasteizen egindako ekitaldian; bertan izan dira erakundeetako ordezkariak, herritarrak eta entitateetako kideak, besteak beste.
● Euskaraldiak euskara gehiago erabil dadin egiten duen ekarpena azpimarratu dute bertaratutako guztiek.

2025.03.15 Gasteiz- Bi hilabete baino ez dira gelditzen Euskaraldia hasteko, eta hori probestuta ireki dute gaur laugarren edizio honetan belarriprest edo ahobizi moduan izena emateko epea. Maiatzaren 15etik 25era izango da aurten ariketa masiboa, eta jakina denez, txapa paparrean jantzita ibiliko dira Euskal Herri osoko milaka eta milaka lagun.
Herritarren izena emateko epea ireki dela iragartzeko antolatu dute ekitaldia Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean, eta bertan bildu dira dozenaka lagun, herritarrak, erakundeetako ordezkariak, batzordeetan aritzen direnak eta entitateetako kideak, besteak beste. Euskaraldiaren nondik norakoak azaltzen, berriz, oholtza gainean egon dira: Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordea eta kultura eta hizkuntza politikako sailburua; Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordea eta memoria eta bizikidetzako, kanpo ekintzako eta euskarako kontseilaria; Irati Iciar, Taupako lehendakaria; eta Goiatz Urkijo, Euskaraldiko koordinatzaile orokorra.
Euskaraldia euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua da, edo beste era batera esanda, euskara gehiago erabiltzeko ariketa praktikoa. Irati Iciar Taupako lehendakariak dioen bezala, “urte askotan euskararen ezagutzan jarri da foko nagusia eta premiazkoa da erabilera sustatuko duen paradigma berri bat bultzatzea. Gaur gaurkoz Euskaraldia da helburu hori lortzeko dugun tresna eraginkor eta masiboena”.
Erabilerarentzat mesedegarri diren arau sozial berriak gizarteratu eta errotzea da Euskaraldiaren helburua, eta Iciarren hitzetan “hori lortu du Euskaraldiak urte hauetan guztietan”. Hala, gero eta jende gehiagok ulertzen du “lehen hitza euskaraz” egitearen garrantzia, “elkarrizketa elebidunak” gero eta arruntagoak dira gure inguruan. Eta horrek guztiak, “Euskaraldiak, euskararen erabileran urratsak ematen jarraitzea ahalbidetzen du” azpimarratu du Iciarrek. Hala ere, Euskaraldia “arnas luzeko” ekimena dela esan du Taupako lehendakariak, izan ere, “edozein ohitura aldatzea ez da erraza, are gehiago hizkuntza ohiturak direnean, baina, apurka-apurka, edizioz edizio, erabileran jauzi garrantzitsuak ekarri ditu”.
Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Ibone Bengoetxeak Euskaraldia hizkuntza ohiturak aldatzeko bidea badela esan du. Euskararen erabileran jauzia eman behar dela aipatu du bai lagunartean, bai laneko kideen artean zein senideen artean. Bengoetxea lehendakariordeak aipamen berezi egin du euskaratik urrun daudenak ere euskarara erakartzeko, euskarak “denok” behar gaituelako.
Ildo beretik, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko ordezkariak azaldu du belarriprest rolaren baitan, badagoela “hobetzeko tartea” oraindik ere. Euskaraldian orohar ahobizi rola izan da nagusi; eta gogorarazi nahi izan du belarriprest rola ere garrantzitsua izateaz gain, pertsona askorentzat “egoki-egokia” dela. “Rol hori ez da euskara pixka bat dakitenentzat, ez soilik beraientzat. Nafarroan, adibidez, euskara jakin arren, gutxi erabiltzen duen jende asko dago. Horren atzean oso bestelako arrazoiak daude. Herritar guztiak ez dira toki beretik abiatzen, eta belarripest izatea Euskaraldiarekin bat egiteko aukera on-ona da”, dio Ollok. Eta gazteei ere bidali die mezua, Euskaraldian beraiek ere tokia dutela gogoraraziz.
Bestalde, Ana Ollo kontseilaria herri erakundeek duten erantzukizunaz mintzatu da, eta esan du “gizartearen beharrei egoki erantzutea” dagokiela, “nor bere aukeretatik abiatuta, baina beti ere arduraz. Erronka handia dugu”. Euskaraldiari babesa ematea eta hori “egikaritzeko” neurriak hartzea dagokiela gehitu du.
Euskaraldian izena ematearen garrantzia
Denek ala denek azpimarratu dute Euskaraldiak euskararen erabilerari egiten dion ekarpena, izan ere, Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak aipatu bezala, “beti aipatu dugu Euskaraldia dela euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera pasatzeko jauzia emateko ariketa. Euskaraldiak, beraz, txapa jartzetik haratagoko lanketa eskatzen du: hausnarketa, jarrera, bakoitzak bere burua erronkan jartzea…”, eta lehen pauso hori gaurtik aurrera eman beharko dute herritarrek, Euskaraldian izena emanda.
Dena dela, izena ematea “oso-oso modu errazean” egin daitekeela berretsi du Urkijok, webgunean bertan (www.euskaraldia.eus) dagoen formularioa beteta.
Euskaraldiko koordinatzaileak gehitu du ariketarentzat oso garrantzitsua dela parte hartuko duten belarriprest eta ahobizi guztiek ematea izena, “hausnarketa baten osteko erabakia baita, ahobizi edo belarriprest izatea erabaki ostekoa, alegia”. Gainera, izen-emate horrek ahalbidetuko du gero Euskaraldiaren inguruko ikerketa egin ahal izatea, parte hartzaileen jarraipena egitea, txapak banatzea, eta batez ere, prestakuntza tresna eta aholkuak helarazi ahal izatea.
Horren adibide izan da Bengo abeslaria eta Euskaraldiko hamaikako kidea, ekitaldian kantu batzuk eskaintzeaz gain, izena eman baitu ariketan, eta Euskaraldirako ariketarako dituen asmoak azaldu ditu. Hori bera egin dute beste hainbat aurpegi ezagunek ere, hala nola, Eneko Atxak, Edurne Azkaratek eta Zibel Damestoyk. Azkenik, bertan bildutako guztiek batera eman dute izena Euskaraldiko laugarren edizioan parte hartzeko.
Txaparen garrantzia
Behin izena emanda aukeratutako rolaren araberako txapa eskuratu beharko dute parte hartzaileek. Horretarako, batzordeak ibiliko dira buru-belarri txapak banatzen Euskal Herriko herri eta txoko guztietan. Euskaraldiko lantaldearen ustetan ezinbestekoa da ariketak irauten duen 11 egunetan txapa soinean erabiltzea, aurrean den ezezagunak euskaraz badakien erakutsiko baitu txapak. Norberarentzat baino besteentzat keinu bat da txapa, beraz.
Ahotan maiz darabilgun “estres linguistikoa” ezabatuko du txapak. Izan ere, estres linguistikoa da pertsona elebidun batek, ezezagunen aurrean, hizkuntza gutxiagotua hobesteak ekartzen dion tentsioa. Txapa ikusita bai baitakigu aurrean dugunak euskaraz ulertzen duela, behinik behin. Hala, txapak mezu argia ematen dio aurreran duenari “nirekin egizu euskaraz!”
Maiatzaren 15tik 25era, beraz, euskararen erabileran jauzia emateko ariketan parte hartuko dute milaka herritarrek. Dena dela, askotan aipatu bezala, hamabigarren egunetik aurrera ere Euskaraldiak sustatzen dituen jarrerak (“lehen hitza” euskaraz, elkarrizketa elebidunak…) mantentzeko deia egin dute antolatzaileek; izan ere, urte guztian behar ditugu euskaldunak euskaraz.





