Euskaraldiaren izen-ematea martxan da eta gaur ariketa soziala antolatzen ari diren erakundeetako ordezkariek azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den bigarren edizioaren xehetasunak aurkeztu dituzte. Ipar Euskal Herrian bigarren Euskaraldi honek izango duen zabalkundearen berri emateaz gain, Euskal Herri osoan ariketan parte hartuko duten herri eta erakundeen datuak eman dituzte prentsaurrekoan bildu diren eragileek.

Baionako Herriko Etxean egindako agerraldian hitza hartu dute Jean-René Etchegaray Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariak, Antton Curutcharry Euskal Elkargoko lehendakariorde eta Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak, Amets Lahetlujan Euskal Konfederazioko ordezkariak eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak.

 

Ipar Euskal Herrian martxan

Ipar Euskal Herriko erakundeetako ordezkariek Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan Euskaraldiaren bigarren edizioa izaten ari den zabalkundea azpimarratu dute. Aurtengo edizioan berrikuntza izan den ariguneen sorrerak Euskaraldiari aukera berriak zabaldu dizkiola aipatu dute, eta kanpo ariguneen bidez euskarak Ipar Euskal Herriko kaleetan presentzia handiagoa izan ahalko duela nabarmendu dute.

Ezaugarri garrantzitsu modura Euskaraldia elkarlanean garatutako ekimena dela azpimarratu dute agerraldian parte hartu duten ordezkariek. Mugaz gaindiko elkarlana garatzeaz gain erakunde publiko eta eragile sozialen artean antolatutako ariketa dela nabarmendu da.

Euskaraldiaren helburuak gogora ekarri dituzte bertaratutako ordezkariek: parte hartzaileen hizkuntza ohiturak astintzea eta euskararen erabilera handitzea, hain zuzen ere. Bigarrenez egingo den ariketak gainera, 15 eguneko iraupena izango duela gogora ekarri eta milaka herritarrek ahobizi edo belarriprest roletan aritzeko aukera izango dutela aipatu dute.

Euskal Herriko gainontzeko lurraldetan bezala irailaren 24an abiatu zen herritarrek ahobizi edo belarriprest modura izena emateko aldia. Azaroaren 19rarte zabalik egongo den epe horretan bi rol hauetako bat aukeratu ahal izango dute partaideek:

Belarriprest: Beraiei euskaraz hitz egiteko eskatzen dutenak dira belarriprest, euskara ulertzen dute eta beraiekin euskaraz aritzea nahi dute. Ulertzen duten guztiekin ez dute uneoro euskaraz hitz egingo agian, baina ahal eta nahi duten guztietan egingo dute. Gakoa jokaeran dago eta ez gaitasunean.

Ahobizi: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute ahobiziek. Euskaraz ulertzen ote duten ez dakienean lehen hitza, beti, euskaraz izango da; mintzakideak euskaraz ulertzen badu, euskaraz jarraituko dute beti. Gakoa ahal den guztietan euskaraz egitea da, jokaerak definitzen du rola, alegia.

 

Herri gehiagotan, milaka arigune

Bi datu nabarmendu dituzte Euskaraldiaren antolatzaileek orain arteko prozesuan.

Batetik, 2018an egin zen lehen edizioan baino udalerri gehiagotan egingo dela aurtengo Euskaraldia. Guztira 421 udalerritan osatu dira Euskaraldia batzordeak eta horietan guztietan parte hartu ahal izango dute herritarrek azaroaren 20tik abenduaren 4rako ariketan.

Bestetik, aurtengo edizioko berrikuntza nagusia den ariguneei dagokienez (euskaraz lasai aritzeko entitate ezberdinek sortutako espazioak dira ariguneak), Euskal Herri osoan zehar 25.000 arigune baino gehiago sortu direla azpimarratu dute antolatzaileek. Guztira 6.737 entitatek lurralde ezberdinetan dituzten 8.174 egoitzetan 25.091 arigune sortzeko prozesua abiatu dutela azaldu dute Euskaraldiaren koordinazio mahaiko kideek. Ariguneen banaketa berriz nahiko parekatua izan da: %52 izango da barne arigunea eta %48 kanpo arigunea. Entitateei dagokionez, era guztietako enpresa, saltoki, erakunde eta elkarteak izan dira ariguneak sortu dituztenak. Saltoki eta zerbitzu emale txikiak, elkarteak, hezkuntza arloko eragileak, zerbitzu enpresak eta erakunde publikoak izan dira kopurutan aipagarrienak, baina horiekin batera egon dira enpresa txikiak, gizarte eragileak, sindikatuak eta bestelakoak).

Bi datu horiek (udalerri eta arigune kopuruarena) oso ondo baloratu dituzte antolatzaileek. Izan ere, COVID-19 koronabirusak eragindako egoeran oso zaila izan da herrietan batzordeak martxan jarri eta entitateekin lana egitea. Hala ere, euskararentzako eremuak irabazteko borondatea dagoela ikusi ahal izan da eta asko direla urratsak emateko prest dauden herritar eta eragileak.

 

Ahobizi edo belarriprest modura parte hartzeko deia

Izen-ematea egunetik egunera haziz doala aipatu da agerraldian eta hurrengo asteotan egongo dela lehen datuak ezagutzeko modua. Hala ere, agerraldia baliatu dute antolatzaileek jadanik izena eman duten guztiei ingurukoak ere parte hartzera animatu ditzaten eskatzeko.

2018ko edizioan parte hartu duten guztiak berriro ere parte hartzera deitu dituzte, hizkuntza ohiturak aldatzeko prozesuak ekina eta jarraikortasuna eskatzen duela gogoratuz. Gainera, arrazoi batengatik edo bestearengatik lehen edizioan parte hartzerik izan ez zutenak parte hartzera animatu nahi lituzketela esan dute antolatzaileek.

Parte hartzeko baldintzak aurreko edizioko berdinak direla azaldu da. Euskaraldian 16 urtetik gorakoek izena eman dezakete, helduen hizkuntza ohitura eta portaeretan eragitea baitu helburu ekimenak. Euskara ulertzeko gaitasuna gutxienez izan behar dute partaideek, baina hortik aurrera, bakoitzak erabakiko du zein rol den berarentzat egokiena. Modu kontziente eta borondatezkoan, hizkuntza ohiturak astindu edo euskararen erabileran aurrerapausoak eman nahi dituzten lagunek 15 egunetan bete nahi duten rola erabaki eta izena eman ahal izango dute, azaroaren 20tik abenduaren 4ra dagokien rolaren txapa jantzita ariketa egin ahal izateko.

Izena emateko hiru modu daudela azaldu dute antolatzaileek:

  • euskaraldia.eus webgunean
  • Herrietako batzordeek jarriko dituzten informazio gune eta mahaietan
  • Jadanik eskuragarri dagoen telefono aplikazioan