Euskaraldiaren eragina neurtzeko ikerketa egingo da2018.04.26

Euskaraldiak herritarren hizkuntza ohituretan eragin nahi du, eta eragin hori neurtze aldera Soziolinguistika Klusterrak ikerketa burutuko du. Metodologia kualitatiboak eta kuantitatiboak baliatuz, bi helburu nagusi izango ditu ikerketak:

-Hizkuntza ohiturak aldatzeko prozesuak aztertuko dira, gizarte aktibazioaren inguruko gako jakinak zeintzuk diren ezagutzeko. Hau da: Zenbat aldatzen da euskararen erabilera partaideen artean esperientziak irauten duen bitartean? Zenbateraino eusten zaio hizkuntza ohituren aldaketari denbora pasa ahala?

-Ekimenaren arrakasta neurtuko da, parte-hartzea, antolamendua edota bere eraginkortasuna aitzat hartuz. Beste hitzetan esanda: Zeintzuk dira hizkuntza-ohiturak aldatzea eragin dezaketen prozesu egokiak antolatzeko gako nagusiak? Zein neurritan lortu dugu herrietan Ahobizi eta Belarriprest jokaerak ezagutzera ematea eta haiei zentzu positibo bat ematea?

Hori guztia neurtzeko, batetik, neurketa kuantitatiboa egingo da: hiru galdeketa egingo zaizkie hala nahi duten parte hartzaileei. Lehenengoa, ekimena hasi baino egun batzuk lehenago; bigarrena, abenduaren 3a pasa eta egun gutxitara;  eta, hirugarrena, ekimena bukatu eta hiru hilabetera.

Ikerketa kualitatiboari dagokionez, ekimena bukatzen denean, parte hartzaileen eta tokian tokiko antolatzaileen bizipenak, zailtasunak eta urratsak bilduko dira.

Datuak ekimen orokorrekoak izango badira ere, hala nahi duten herriek berariazko ikerketa egiteko eskatu dezakete. Horretarako, Soziolinguistika Klusterreko arduradunekin jarri beharko dute harremanetan.

Ikerketari buruzko informazio gehiago topa dezakezue euskaraldia.eus gunean.

Informaziorako

Jarrai gaitzazue sareetan