Euskaraldiaren bigarren edizioa aurkeztu dute gaur Baionan2020.01.17

  • Baionako Kalostrape ostatuan bildu dira Euskaltzaleen Topaguneko eta Euskal Konfederazioko kideak, Euskaraldiaren bigarren edizioa aurkezteko.

Gaur goizean bildu dira Baionan Ipar Euskal Herrian Euskaraldiaren bueltan, ekimena zabaltzeko beharrean, arituko diren bi elkartetako ordezkariak; Euskaraldiaren 2020ko edizioa aurkezteko. Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariak eta Euskal Konfederazioako kideek azaldu dituzte Euskaraldiak izango dituen xehetasunak Ipar Euskal Herrian ere.

Elkarteetako ordezkarien esanetan, Ipar Euskal Herrian ere arrakastatsua izan zen 2018ko ekimena; 64 herri/eskualdetako 6.013 pertsonek parte hartu baitzuten Euskaraldian (%72 Ahobizi gisa, %28 Belarriprest gisa). Bestalde, 20 bat herriko etxek Euskaraldia ekimenaren barne izateko hitzarmena izenpetu zuten. Baina, “arrakasta hori ez zen posible izango herritarren parte hartze aktiboa gabe, herriz herri eta eskualdez eskualde. Izan ere, nahiz eta koadro orokorra finkatua zen, herri batzordeek sekulako garrantzia izan zuten ekimena tokiko errealitateetara egokitzeko”, esan dute hizlariek.

Ekimen horrek beste berezitasunik ere bazuen: lehen aldiz Euskal Herri osoan euskalgintza eta instituzioak, lankidetza hitzarmenen bidez, elkarlanean aritu ziren, bakoitzaren rolak eta betebeharrak zehaztuz Euskaraldia ahal bezain ongi iragan zedin. Ipar Euskal Herrian, zehazki, Euskal Konfederazioa Euskaraldia ekimenaren bultzatzaile den Euskaltzaleen Topagunea elkartearekin elkarlanean aritu zen eta Euskal Elkargoa eta Euskararen Erakunde Publikoarekin hiru-aldeko lankidetza hitzarmena izenpetu zuen.

Hala ere, arduradunek diotenez, “frustrazio sano batzuk ere azpimarratu izan dira, bereziki herritarren partetik: ariketa %100ean ez ulertu izana, eta publiko zabalagoa ez hunkitzearen sentsazioa. Ariketa lehen aldiz egiten zen anitzentzat, eta hats luzeko dinamikaren abiapuntua izan da, hobetzeko bere puntuekin”. Horren harira, ikusi da “ahobizi/belarriprest rolak eta ariketaren eginkizunak zehatzago definitzearen beharra, denbora hartuz pedagogia eta prestaketa lanetan, ariketa urrunago eramateko, urrunago eta zabalago, gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin”. Hain zuzen ere, horixe izango da 2020ko Euskaraldiaren leloa: “gehiago, gehiagotan, gehiagorekin”, euskaltzaleon hizkuntza praktikak hobekuntza perspektiba batean finkatuz, tokian tokiko errealitatetik gizarte zabalera.

Euskaraldia 2020

Euskaraldiaren. 2. edizioa 2020an iraganen da, azaroaren 20tik abenduaren 4ra, Euskal Herri osoan, ariketa hamaika egunetatik hamabost egunetara igaroaraziz; eta lau helburu nagusi izango ditu oraingoan.

  1. Ahobizi/Belarriprest rolak sozializatu eta egonkortu: ariketaren joko-arauak ulertzea garrantzitsua irizten da, rol bakoitzari dagokion engaiamendu sorta sesitzeko. Bakoitzak bere mugak ikusteko eta gainditzeko beharra ikusi da, txapari zentzua emateko eta bi rolek elkar osatzeko; horretarako garrantzitsua izango da, baita ere, belarriprest gehiago erakartzea ahobiziak ere indartzeko: ariketa bera ahal bezain urrun eramateko.
  2. Herri Batzordeak indartu: tokian tokiko dinamikek egin dute lehen edizioaren arrakasta orokorra izatea. Aniztasuna bermatzea, iniziatibak hartzea,  lankidetzak bilatzea, terreno berriak zabaltzea, eta egingabe dauden lanketak plazaratzeak izango du, iaz bezala, aurten ere garrantzia. Horretarako, herri Batzordeen dinamikak marko argi batez eta baliabidez indartu beharko dira, ariketa bera hobetzeko.
  3. Entitateetan urratsak eman: elkarteak, saltokiak, lantokiak, administrazio publikoak… Norbanakoen ariketa kolektiboki indartzeko, entitateetan euskaraz aritzeko guneak sortuko ditugu 2020an: ARIGUNEAK. Barne ariguneak, euskara elkartekide eta lankideen artean gehiago erabiltzeko. Kanpo ariguneak, bezeroekin eta erabiltzaileekin euskara gehiagotan erabiltzeko. Ariguneak izango dira, hein batean, txapei oihartzuna eta babesa emateko guneak.
  4. Hizkuntza ohiturak aldatu: 2020ko Euskaraldia ez da kanpo-ekitaldi bat, bakoitzak barneratu eta bakoitza indartu beharko duen ariketa soziala da. Guztion lanak indartu eta indarrak babestuko dituen hats luzeko dinamika izango da, beraz. Gure hizkuntza politikak hobetuko dituen dinamika, euskara bera plaza bihurtuz berriz. “Euskara gure bestetan, gure sukaldean, gure whatsapean. Euskara gure lanean, gure okindegian, gure futbol eta dantza taldean, gure herriko etxean izan dadin. Euskara denek eta denetan, gehiagotan, gure ikastetxeak, gure gau eskolak, gure irrati-telebistak… indartzen segituz”.
Euskaraldia 2020 ipar Euskal Herrian

Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberuari dagokionez, aitzineko edizioan bezala eta Euskal Herriko gainerako lurraldeetan bezala, herri mugimenduaren eta instituzioen arteko elkarlana eta, bereziki, tokian tokiko herritar dinamikak izanen dira arrakastaren gako, hiztunen behar indibidualak eta kolektiboak erdigunean emanez.

Euskaraldia 2020 ekimena 2018koa baino are arrakastatsuagoa izan dadin, tokian tokiko lanak jadanik hasiak dira. Konkretuki, eta Ipar Euskal Herriari dagokionez, 2019ko abendutik goiti euskalgintza eta instituzioak biltzen dituen lankidetza espazio horizontala zabaldu da Euskaraldia diseinatzeko prefigurazio lanak elkarrekin eramateko. Bertan biltzen dira EEPko 3 agente, Euskal Elkargoko 5 agente, Euskal Konfederazioko 2 ordezkari eta Euskaraldiko lantalde ibiltariko 4 kide.

Prefigurazio eta definizio lan kolektibo horrek ebaluazioa bukatzea, helburuak adostea, artikulazioa definitzea eta koadroa eraikitzea ahalbidetuko du. Prefigurazio lehen fase horren ondotik, dinamizazio faseari ekinen zaio apiriletik goiti.

Dagoeneko, Ipar Euskal Herriko bi entitate esanguratsuek Euskaraldiarekiko engaiamendua erakutsi dute Bilbon egindako Lehen Entitateen aurkezpenean: Sokoa enpresak eta Euskal Herriko Laborantza Ganbarak. Euskararen erabileraren eremuak zabaltzeko, lan-munduan urratsak egitea berebizikoa izanen da etorkizun hurbilean, eta entitateek funtsezko rola dute oraindanik eta hemen.

Aurkezpenean aipatu dutenez, “Euskararen biziberritzean gizarte mugimenduen garrantzia handia izan da hamarkada luzez eta etorkizunean ere behar-beharrezkoa izango da euskaltzale antolatuen ekimena. Ariketa hau beste ekimen askoren abiapuntu izatea espero dugu saretze lan hori egiten. Hizkuntza-ohiturak aldatzeko, euskaraz deplauki bizitzeko”.

Eta gehitu dute “ondoko egun, aste eta hilabeteetan herriz-herri egingo dugun lana sare hori sortu eta indartzera bideratua egongo da, ahalik eta eskualde gehienetan euskararen erabilera bultzatzeko ardura izango duten euskaltzale taldeak sortu, berpiztu eta bultzatzera”.

Informaziorako

Jarrai gaitzazue sareetan