-
Martxoaren lehen astean aurkezpen irekiak egingo dira Euskaraldiaren berri izan nahi duen entitate ororentzat.
Duela bi urte hizkuntza ohituren aldaketan pauso garrantzitsuak eman ziren Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimenaren baitan, milaka ahobizik eta belarriprestek aurrekaririk gabeko ariketan hartu zuten parte. Aurten egingo den bigarren edizioan pauso berriak emango ditugu eta, norbanakoek ez ezik, mota guztietako entitateek ere neurriak hartuko dituzte euren bazkide, langile edota kideen hizkuntza praktika berriak bultzatzeko. Beraz, norbanakoen erabaki esparruan aritzetik, taldeetara ere egingo da salto eta entitatearen lana izango da kideei Euskaraldian parte hartzeko bidea ireki eta erraztasunak eskaintzea.
Bigarren edizio hau “Euskaraldia: gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin” lelopean garatuko da eta elkarteetan, lantokietan, enpresetan,…euskaraz arituko diren belarriprest eta ahobiziz osaturiko taldeak Ariguneak izango dira.
Gauzak horrela, entitateek prestaketa pauso batzuk eman beharko dituzte, besteak beste, entitatearen eta kideen egoera aztertu beharko dute nola ekin jakiteko.
2020ko Euskaraldia bera eta, batez ere, mota guztietako entitateentzat dakarren proposamen berri eta berezia azaltzeko asmoz, entitateentzako hainbat saio antolatu dituzte EAEko hiru hiriburuetan Euskaltzaleen Topaguneak, Eusko Jaurlaritzak eta hiru lurraldeetako aldundiek.
Aurkezpen irekiak. Euskaraldiaren berri eman eta parte hartzera gonbidatzeko:
Hiria | Eguna | Ordua | Lekua (Eusko Jaurlaritza) |
Bilbo | Martxoak 3 | 9:30-11:30 | Gran Vía 85, Areto Nagusia |
Gasteiz | Martxoak 5 | 12:30-14:30 | Donostia kalea 1, Euskaldun Berria Aretoa |
Donostia | Martxoak 6 | 9:30-11:30 | Andia kalea 13, Areto Nagusia |
Bestetik, lan-saio praktikoak egingo dira; prozesua abiatu duten entitateei eskainiko zaizkie haien esperientziak kontrastatu eta zalantzak argitzeko:
Hiria | Eguna | Ordua | Lekua |
Donostia | Martxoak 24 | 9:30-11:30 | San Telmo Museoa (ekitaldi aretoa) |
Gasteiz | Martxoak 30 | 9:30-11:30 | Oihaneder Euskararen Etxea (Salcedo aretoa) |
Bilbo | Apirilak 1 | 9:30-11:30 | Basurtuko Udaltegia (Zankoeta kalea 1) |
Saio hauetan parte hartu nahi duen entitate orok du izena emateko aukera: https://forms.gle/QAoibhh1TVt7eqNZ9