Entitateetan euskararen erabilera areagotzeko tresna ezinhobea: Euskaraldia

2025.02.20

 

  • Mota guztietako entitateek dute jada Euskaraldian izena emateko aukera: lantoki, elkarte, denda eta bestelako komertzioek, besteak beste.
  • Ariketaren nondik norakoak aurkeztu eta adibideak emateko bildu dira Euskaraldiko arduradunak eta Irsearaba, Osasuna eta Luma Baiona entitateetako ordezkariak.
  • Laugarren edizio honetan oinarrizko egitekoak izango dituzte entitate guztiek, baina horiez gain, bestelako pausoak emateko aukera ere izango dute hala erabakitzen duten entitateek

 

2025.02.20. Donostia.- Hizkuntza ohiturak euskarara ekartzeko ariketa soziala da Euskaraldia; euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan jardun eta entzuteko ariketa. Euskal Herriko belarriprest eta ahobizi guztiei parte hartzeko deia egiten die Euskaraldiak, baina, herritar horiez gain, entitateek ere badute ariketa horretan zeresana eta zeregina. 

Euskaraldia entitateetan nola zabaldu eta landu daitekeen argitu dute gaur San Telmo museoan egindako prentsaurrekoan. Goiatz Urkijo koordinatzailearen esanetan “jakitun gara oso garrantzitsua dela Euskaraldiak entitateetan duen eraginaz. Eta ez entitateetan bakarrik, bertako kide askorentzat ere entitatea da euskaraz hitz egiteko duten eremu bakarra”. 

Entitateak aipatzen direnean askotariko eremuak barnebiltzen ditu, izan ere, lantokiak badira entitate, baina baita kirol edo kultur elkarteak, eta denda edo tabernak ere.

Eremu horietako ordezkariek izango dute nolako ariketa egin nahi duten hautatzeko aukera. Izan ere, aurten, oinarrizko egitekoak aurrera eramateaz gain, euskararen erabileran bestelako urratsak emateko aukera ere izango dute entitateek. Honakoak izango dira entitate batek Euskaraldian parte hartzeko aurrera eraman beharreko oinarrizko egitekoak: kideak Euskaraldian inguruan informatu, prestatu eta ariketa ikusgarri egin.. “Oinarrizko egiteko horiek izango dituzte izena ematen duten entitate guztiek” gaineratu du Goiatz Urkijok. Eta, gainera, lanketa sakonagoa egiteko aukera ere emango zaie izena ematen duten entitate guztiei. Bestelako urratsak ematea  hautatzen dutenei “euskararen erabilera sustatzeko aurrerapausoak ematea proposatuko diegu, hala nola, ariguneak sortzea, bilerak euskaraz egiteko neurriak hartzea, mintzatratuak adostea…” dio Urkijok. 

 

Askotariko entitateak Euskaraldian

Euskararen presentzia areagotzeko asmotan eman dute izena Euskaraldian agerraldian parte hartu zuten hiru entitateetako ordezkariek ere. Bakoitzak bere eremuan pausoak eman nahi dituztelako euskara gehiago eta modu erosoagoan erabili ahal izateko. 

Irsearaba gizarte ekimenerako kooperatiba da, gizarte eskuhartzearen alorrean egiten du lan. 2023an Euskara lantaldeak bultzatuta, plangintza global baten aldeko apustua egin zuten, erabilera bultzatzeko xedearekin. Idoia Martinez de Lahidalga eta Sergio Jimenez entitateko ordezkarien esanetan orain Euskaraldiarekin lortu nahi dute “euskararen erabilera areagotzea bai langileen artean baita lan egiten dugun pertsonekin ere, eta Euskaraldian hartutako jarrera epe luzera mantendu nahi genuke. Lotsak alde batera utzi eta euskara aktibatzeko”. Haien kasuan, egun, Egunon eta Mintzatratu dinamikan entitateko hiru zerbitzutan egiten dute, eta  Euskaraldiko egunetan ariketa erakunde osora zabaltzeko asmoa dutela aurreratu dute. 


Aurreko ediziotan Euskaraldian parte hartu ez bazuten ere, oraingo honetan “gogotsu” ekingo diote ariketari, izan ere, “euskara normalizatzeko dinamika bat da eta bidea oinez egiten denez, pauso hori emateko egitasmo ezinhobea dela pentsatzen dugu” diote kooperatibako kideek, eta gainerako entitateak Euskaraldira batu daitezen animatu dituzte. 

Luma Baiona euskarazko murgiltze ereduko haurtzaindegi da, eta Patxi Amulet elkarteko kideak ere beren esperientzia partekatu du agerraldian. 2008 urtean sortu zen Luma Baiona “ez baitzen baionar ttipiendako tokirik aski haurtzaindegietan. Gainera, ez zen ttipientzako euskarazko eskaintzarik: ez elebidun, ez murgiltzaile ereduetan” dio Amuletek. Agerraldian aipatu zutenez, Luma Baionaren helburua ere bada etorkizunerako hiztun euskaldunen sortzea. 

Baionako entitateak Euskaraldian izena ematea erabaki du “euskararen sustapena eta transmisioa Luma Baiona Haurtzaindegiaren proiektuaren bihotzean direlako”. Euskarazko murgiltze egitura gisa, haien “engaiamendua” indartu nahi dute hizkuntzaren eguneroko erabilpenaren alde, bai haurrekin, bai familiekin. Amuletek gaineratu duenez, “Euskaraldiaren garaian euskaldunak ez diren familien inplikazioa indartzen saiatuko gara, dela etxean euskara gehiago erabiltzea bultzatzen, dela familiekin euskarazko elkartruke-momentuak sortzen”. 

“Keinu txiki bakoitzak balio du” azpimarratu du Luma Baionako ordezkariak. Izan ere, Euskaraldia ingurune euskaldunago baterantz urrats bat gehiagoren egiteko denboraldia da, eta beste batzuei eredu ematea. 

Osasuna kirol taldeak ere parte hartu du agerraldian, modu digitalean bada ere. Bertaratu ezin zutenez bideo bidez egin zituzten Euskaraldiaren inguruko euren ekarpenak. “Guk beti esan izan dugu osasunak euskaraz zuela izena baina izana erdalduna izan duela urte askotan” esanez hasi du hitzartzea Mikel Erbiti Osasuna klubeko kideak. Egoera hori aldatu egin zen 2017an bazkideek hala eskatuta urte horretan egin zuten batzar nagusian. “Hizkuntza eta aholkularitza batzordea sortu genuen orduan eta bidea hasi” dio Erbitik. 

Euskaraldiarekin helburu bi dituztela aipatu dute: barne mailan ariguneak sortzea, euskaldunon artean talde lanak euskaraz egin ahal izatea eta klub barruan euskararen normalizazioa bultzatzea. Kanpora begira, berriz, “helburua da zaleek sentitzea, euskara haiena den bezala, Osasunarekin duten harremana euskaraz ere egin dezaketela” gaineratu du Erbitik.

Euskaraldiak “aukera polita eskaintzen du”, bidea pauso txikiz bada ere egiten hasteko. “Gerora pauso gehiago eta handiagoak etortzeko” esanez amaitu du Mikel Erbitik. 

Entitateen ondoren norbanakoek

Euskaraldian entitate moduan izena emateko epea irekita dago, nahi duena batu dadin ariketara. Euskaraldiko webgunean dago informazio gehiago eta izena emateko aukera: https://euskaraldia.eus/entitateak/

Belarriprest eta ahobiziek izena emateko txanda, berriz, martxoan irekiko da; martxoaren 15etik aurrera izango dute aukera www.euskaraldia.eus webgunean sartuta. Eta Euskaraldia ariketa masiboa, berriz, maiatzaren 15etik 25era egingo dute Euskal Herri osoko milaka lagunek.

ENTITATEAK EUSKARALDIAN

Izena ematen duten entitateek egiteko hauek izango dituzte Euskaraldian:

  1. INFORMATU. Belarriprest eta ahobizi rolen inguruko informazioa entitateko kideen artean zabaldu, eta izena ematera animatu, horretarako erraztasunak jarrita. 
  2. PRESTATU. Entitateek kideei euskararen erabilera sustatzeko prestakuntza eskaintzea aztertuko dute, horretarako baliabideak izango dituzte webgunean. 
  3. EUSKARALDIA IKUSGARRI EGIN. Izena ematen duen entitateak ariketa badatorrela ikusgarri egingo du: espazioak apainduz, ekintzak antolatuz, barne zein kanpo komunikazioan hartutako neurriak edo egingo diren ekintzak jakinaraziz…

Euskararen erabileran bestelako urratsak emateko aukera

Eta aurreko egiteko horiez gain bestelako pausoak eman nahi dituzten entitateek, lanketa sakonagoa egiteko aukera baliatu dezakete izena eman ostean. Hori aukeratuta, koordinazio orokorretik baliabideak eskainiko zaizkie aparteko lanketak egiteko, besteak beste: 

  • Ariguneak sortu: euskaraz lasai aritzeko guneak.
  • Komunikazioak euskaraz egin: bilerak, mezuak eta bestelako komunikazioak euskaraz zabaldu.
  • Mintzodromoak antolatzea; entitate barruan lasai euskaraz hitz egin ahal izateko
  • Mintzatratuak adostea entitateko kideen artean
  • Hiztegi kutxa; entitatearen arloko euskarazko hiztegia ezagutu eta erabiltzeko
  • ….

Azken lanketa hauek egiteko, intraneteko sarbidea eta aholkularitza izango dituzte eskura entitateek.

Izena emateko: https://euskaraldia.eus/entitateak/

Informaziorako

Jarrai gaitzazue sareetan
Euskaraldia
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientzia onena eman ahal izateko. Cookie-ei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean, cookie-ei buruzko informazioa ezagutzeko eta gure taldeari webguneko zer atal interesgarri eta erabilgarri dituen ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.