Baiona, Angelu eta Miarritzen 2017ko azaro eta abendu artean egindako BAM! dinamikak utzitako gogobetetze sentsazioak segida izango du hurrengo hilabeteetan Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako euskaltzaleen artean. Sei hilabeteko prestaketa izan du BAM! ekimenak 2017an, borondatezko lantalde batek bultzatuta eta erruz lan eginda, zazpi egunetako ariketa proposatu zieten Lapurdiko hirigune handiena osatzen duten Baiona, Angelu eta Miarritzeko euskal hiztunei. 806 lagun batu ziren ekimenera, bi herenek Ahobizi izatea erabaki zuten eta gainontzeko herenak Belarriprest.
Lapurdi kostaldeko hiru hiriguneen egoerari erreparatuta ekin zioten bertako euskaltzaleek BAM ekimena antolatzeari. Euskararen ezagutza %14koa den eremuan, 9.000 euskaldun eta 6.800 elebidun hartzaile bizi dira, euskal hiztunentzako 15.000 solaskide potentzial beraz. Horrekin batera, euskalgintzak tradizio luzeko ekimena duen ingurua da (ikastolak, euskaltegi eta gau eskolak, aisialdi talde eta kultur elkarteak) eta azken sei urteetan Mintzalasai dinamikak bide bat egina du. Baina, bertako euskaltzaleek bazuten ekimen berriak martxan jartzeko gogoa eta beharra. Hortik sortu zen lehenago Egian, Lasarte-Orian eta beste zenbait herritan arrakastaz burututako aktibazio ekimenetatik edanez Lapurdin ekimen berria sortzeko ideia.
Talde eragilea eta hiru lantalde antolatuta (komunikazioa, prestaketa eta ebaluaketa), hiru hirigunetako (Baiona, Angelu eta Miarritzeko) euskaltzaleak aritu dira ekimena lantzen. Udaltop jardunaldietan (maiatzean) sortu zen ekimena martxan jartzeko ideia eta ekainean sarea lantzen joan ondoren, batzorde eragileak uztailean abiatu zuen bere lana. Uztaila eta azaroa artean egin dute aurrelana, beraz.
“Dinamika hau zerutik ezer jaustea itxoin gabe muntatu da, “zuhaurrek egizu” filosofiari jarraikiz” azaldu dute balorazioan antolatzaileek. Balorazio txostenean (pdf) argi ikusten den moduan, garrantzia handia eman diote:
- talde lanari (Izen zerrenda bat osatzen hasi da ere. “To hura deitu beharko litzateke”, “nik hari aipatuko diot”. Ikastoletako gurasoak, AEKko formatzaileak, Seaskako langileak, militante erreak, Uda Lekuko animatzaileak, Euskal hedabideetako kazetariak, erretretadun ahaldunduak, euskara teknikari eskizofrenikoak… Talde eder, azkar eta anitza osatzeraino),
- antolaketa modu sortzailean egiteari (Taldean ari izan gira, lan orduetatik kanpo. Bilkuretan asko eztabaidatu dugu, kontsentsuak zatiketari gaina hartuz eta ausardiak pragmatismoari. Bilkuren parte bat xutik pasa ditugu. Dinamikaren izena post-iten ariketari esker atzeman dugu. Gai korapilatsuak lantalde txikietan landuz konpondu ditugu… Usaiaz kanpoko zerbait sortu behar genuenez, usaiaz kanpoko antolaketa bat irudikatu dugu),
- ekimena ezaugarri eta gaitasun maila ezberdineko euskaltzaleei aurkezteari (Bukaeran, 1/3 Belarriprest eta 2/3 Ahobizi lortu dira. Korrelazio perfektua bada perfila eta gaitasunaren artean. Belaunaldi arteko dinamika izan bada ere, gazteen nagusitasuna ohargarria da: parte hartzaileen %42ak 35 urte baino gutxiago zuen) , eta
- prestakuntzari (27 prestakuntza saio eskaini dira. 20 Ahobizientzat – 7 Belarriprestentzat. 10 saio ireki – 17 saio itxi).
Egin duten balorazio txostena (pdf) oso baliagarria da antzeko prozesuak egin nahi duen edozein euskaltzale talderentzako.
Martxoaren 17an Itsasun hitzordua
Balorazioa egiterakoan, Euskaraldia martxan jartzeko deialdia ere egin dute antolatzaileek. Izan ere, ondorioen artean lurralde eragina zabaldu beharra izan da nabarmendutako ideia bat eta Ipar Euskal Herriko beste herri askotatik ere jaso dute ariketa zabaltzeko interesa.
Euskaraldiarekin bat eginik emango ditu esperientzia honek hurrengo urratsak, beraz. BAM ekimeneko antolatzaileek, Euskal Konfederazioak eta Euskaltzaleen Topaguneak martxoaren 17rako antolatu du Ipar Euskal Herrian Euskaraldia abiatzeko ekitaldia. Itsasun egingo da, Sanoki Gelan eta 9,30etan jarri da hitzordua.
Abiatze ekitaldian, Euskaraldiaren aurkezpena egiteaz gain, eskualdeka antolatuta tailerrak egingo dituzte bertaratzen diren herrietako ordezkariek.
Zenbait erreferentzia
- Bizkor eta Baikor (Eneko Gorri, Argia astekaria, 2582. zenbakia, 2018-01-18)
- Peko errekatik, maldan gora (Bea Salaberri, Argia astekaria, 2583. zenbakia, 2018-01-21)
- Aste bat baino gehiago (Ipar Euskal Herriko Hitza, 2017-12-01)