Aurkezpena

Zer da Euskaraldia?

Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua.

Beste era batera esanda, Euskaraldiaren helburua da gure hizkuntza ohiturak aldatuz euskararen erabilera handitzea, gutxieneko baldintza euskara ulertzea izanik.

Bereziki ariketa edo praktika kolektibo bat da. Ariketa horretan maila pertsonalean edota kolektiboan parte hartu ahal izango da.

Euskaraldia ondoko helburuekin sortu da:

  • Hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea, euskarazko hizkuntza praktikak hedatzeko
  • Norberaren hizkuntza portaera eta ohituren inguruan gogoeta eragin eta aldaketan lagungarri izatea
  • Inertziak apurtzea
  • Gizartean eragina duten era guztietako entitateek hizkuntza ohitura aldaketan babes neurriak hartzea
  • Gizarte aktibazioa, ariketa kolektibo baten bidez
  • Herriz herriko euskaltzaleen artikulazioa bultzatzea
  • Euskararen aldeko eragileak ekimen bateratu baten bueltan antolatzea

 

Lehen Euskaraldia 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra gauzatu zen, Euskal Herri guztiko ehunka herritako milaka parte hartzailerekin.