Parte-hartzea entitateetan

Bi modu daude entitate barruan parte hartzeko. Batetik, ariguneak sortu daitezke, eta bertako kideek ahobizi eta belarriprest moduan parte-hartuko badute ere, modu kolektiboan egingo dute ariketa. Eta, bestetik, ariguneetan egon ezin duten kideak daude; horiek norbanako moduan egingo dute ariketa: belarriprest eta ahobizi rolekin.

ARIGUNEETAN

Mota guztietako entitateek hartu ahal izango dute parte (erakunde publikoak, gizarte eragileak, enpresak, kooperatibak, kultur eta kirol elkarteak, eta abar), ariguneren bat badute. Ariguneek, edo euskaraz aritzeko guneek, euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean. Talde hauetako kideek ahobizi eta belarriprest modura jardungo dute Euskaraldiak iraungo duen bitartean, baina ariketa modu kolektiboan gauzatuko dute ariguneetan.

Ariguneak izan daitezke entitate baten baitan ohiko dinamika duten eta kide guztiek gutxienez euskara ulertzen duten taldeak (sailak, atalak, ekipoak, sekzioak, zerbitzuak, taldeak…). Edo, arigunea izan daiteke baita ere entitatean herritarrekiko harreman-espazioa, uneoro belarriprest edo ahobizi bat egongo dela bermatzen bada; hau da, herritarrek uneoro euskaraz artatuak izateko bermea badute (jendaurreko edo harrera postuak, supermerkatuetako kutxak, telefono bidezko arreten arduradunak, tabernariak, dendariak…).

Helburu nagusia entitate horien harremanetan euskararen erabilera handitzea da. Parte hartzeko, zuzendaritzaren eta entitateko gainontzeko kideen inplikazioa beharko dira.

Arigune posibleak identifikatzeko tresna jarriko da entitateen eskura, ariketan parte hartzeko baldintzak betetzen dituen aztertzeko. Gutxiengo euskara ulermena duten taldeak identifikatzen lagunduko dio tresna horrek entitateari. Behin azterketa hori eginda, baldintzak betetzen dituzten taldeetako kideekin ariguneak osatzea adostu beharko dute arduradunek.

Baldintzak betetzen ez dituzten entitateak: arigunerik ez duten entitateei, hau da, euskara ulertzen duen pertsona talderik edota herritarrei zerbitzua euskaraz eskaintzeko kiderik ez dutenei, prozesuan sartzeko aukera emango zaie, nahiz eta ezingo duten ariketan parte hartu. Bi esparrutan lan egitea proposatuko zaie:

  • Datozen edizioetara begira aurrera-pausoak ematen hasteko urratsak ematen hastea. Horretarako, neurri proposamenak egingo zaizkie.
  • Entitate barruan ahobizi edo belarriprest gisa Euskaraldian parte hartuko duten kideen ariketa babestu eta sustatzea.
AHOBIZI ETA BELARRIPREST

Entitate barruan ariguneetan parte-hartuko ez duten kideek belarriprest eta ahobizi moduan hartu dezakete parte.

Belarriprest 
Ulertzen duten guztiekin uneoro euskaraz hitz egingo ez dutenak dira belarriprest. Gutxienekoa euskara ulertzea da. Hala ere, nahi eta ahal beste egin dezake euskaraz; baina besteek euskaraz egin diezaioten eskatuko du. Gakoa jokaeran dago eta ez gaitasunean.

+info

Ahobizi
Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo du uneoro. Euskaraz ulertzen ote duten ez dakienean lehen hitza, beti, euskaraz izango da; euskaraz ulertzen badu, euskaraz jarraituko du. Gakoa ahal den guztietan euskaraz egitea da.

+info

Informaziorako

Jarrai gaitzazue sareetan