2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da hurrengo Euskaraldia2023.12.14

Antolatzaileek hizkuntza ohituretan eragiten jarraitu nahi dute, edizioz edizio, ikusi delako ariketa eraginkorra dela eta aldaketak ekartzen dituela

Euskaraldiaren hiru edizio egin dira jada, eta laugarrenaren prestaketa lanak abian dira. Etortzear dagoen edizioaren inguruko xehetasunak emateko bildu dira, gaur, Donostiako Tabakaleran, Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak: Irati Iciar, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria; Javier Arakama, Nafarroako Gobernuko Euskarabideako zuzendari kudeatzailea; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; eta Goiatz Urkijo, Euskaraldiko koordinatzailea.

Ediziotik ediziora ariketaren alde teknikoak aztertu, moldatu eta egokitu izan dituzte antolatzaileek, urtetik urtera ariketa egitea eraginkorragoa izateko. Hain zuen ere, hausnarketa horietatik etorri da, oraingoan, Euskaraldia egiteko garai aldaketa. Laugarren edizioa 2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da.

Euskaraldiaren hirugarren edizioa burutu ondoren, balorazioak, ebaluazioak eta aurrera begirako erabakiak hartzeko denbora-tarte bat hartu zuten antolatzaileek. “Euskaraldia proposamen berria eta berritzailea izan zen: aurrez zenbait esperientzien oinarria zuen, baina planteatu zen dimentsioetan, ordura arte, inon horrelakorik burutu gabekoa. Metodologian ere berrikuntza ugari ekarri zituen, eta, bereizki lehen edizioak, aurreikuspen guztiak gaindituta, sekulako astindua eragin zuen Euskal Herri osoan. Astindua bai egiteko moduetan eta baita hizkuntza-ohiturak aldatzeko pausoetan ere”, azaldu du Urkijok. Esandakoaren adierazgarri eta adierazle bezala, edizioz edizio egindako ikerketen emaitzak zein parte-hartzaileek eta entitateek egindako ekarpenak aipatu ditu Euskaraldiko koordinatzaileak. “Euskaraldia eraginkorra dela, eta aldaketak ekartzen dituela, erakusten dute iturri ezberdin horietatik jasotako mezu zein ondorioek”, nabarmendu du.

Euskaraldia udaberrian
Eraginkortasun horretan sakontzeko aldatu dute ariketa udaberrira, izan ere, urte sasoi horretan kaleetan jende gehiago ibili ohi da eta bizitasun sozial handiagoa izaten da kalean. “Euskaraldia ariketa soziala den heinean, jendearen arteko interakzioa beharrezkoa da, eta eguraldiak eta aldarteak laguntzen du horretan”, azaldu du Urkijok.

Garai aldaketak txaparen erabileran eta ikusgarritasunean eragitea lortu nahi dute antolatzaileek, laugarren edizioan. Txapa ezinbesteko elementua da ariketan. Txapak ahalbideratzen du ariketa bera, euskaraz hitz egiteko edo entzuteko jarrera erakusten baitu, eta horrek, estres linguistikoa nabarmen murrizten du; hori ezinbestekoa da ariketa modu erosoagoan egiteko. “Eta txapa soinean eraman eta ikusgarri egitea errazagoa izango da, ziurrenik, udaberrian”, azaldu du Urkijok.

Gainera, 2025ean eginda, Korrikarekin urtez urte txandakatzen joango da ariketa. Bi ekintza erraldoi horiei esker euskararen gaia Euskal Herri osoko kaleetara zabaltzea lortu baita.

Laugarren edizioa, hortaz, maiatzaren 15etik 25era izango da, 11 egunetan, “uste dugu, 11 egun izateak ariketa modu eraginkorragoan egitea ahalbideratuko duela, sakonago egiteko aukera emango du. Bi asteburu hartuko ditu, eta horrek herrietan mugimendua sortzeko aukera emango du”, dio Urkijok.

Euskaraldiaren hurrengo edizioa ontzeko bidean, ikerketako datuak eta jarraibideak kontutan hartu badira ere, gizarteko hainbat eragile eta norbanakoren ekarpenak ere jaso ditu Euskaraldiko lantaldeak.

Euskaraldia eraginkorra da
Euskaraldiaren hiru edizioen inguruan egin diren ikerketek argi erakutsi dute Euskal Herri osoan milaka eta milaka herritarrek beren hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararako jauzia eman dutela Euskaraldiari esker: familian, lagunartean, lantokietan nahiz ezezagunekiko harremanetan. Eta hurrengo edizioan ere horri jarraipena emango diotela aipatu du Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak.
3. edizioaren ikerketak erakutsi du, besteak beste: parte hartzaileen artean euskaraz zekitenekin uneoro euskaraz egiten zutenak % 63,9 ziren ariketaren aurretik, eta %78,9 ariketa amaitu ondoren, ariketan zehar proportzioa % 85,9ra iritsi zelarik. “Beraz, euskararen erabilera altuagoa da Euskaraldian parte hartu ondoren, aurretik baino”, azpimarratu du Iciarrek. “Euskaraldi bakoitzean euskararen erabileran irabaziak eta lorpen praktikoak erdietsi dira. Hori dela-eta, Euskaraldi gehiago egitea beharrezkoa dela iruditzen zaigu, eta euskararen biziberritze-prozesuarentzat guztiz lagungarria da ariketa”.
Euskaraldiak, “ordura arte ez-ohikoak ziren erabilera-mota batzuk normalizatu eta legitimatu” ditu gizartean. Irati Iciarren esanetan, euskarak historian zehar jasan dituen bazterketa eta debekuen ondorioz, euskaldunek euskararentzat murriztaileak izan diren hainbat erabilera-ohitura barneratu dituzte; ezezagunei lehen hitza automatikoki erdaraz egitearena, adibidez. Ikerketak erakusten duenez, Euskaraldiak hizkuntza-ohitura batzuk gero eta ohikoagoak bihurtzen ditu: esaterako, lehen hitza euskaraz egin ohi zutenak %55,8 ziren ariketa aurretik eta % 75,9 ondoren, edo elkarrizketa elebidunetan euskarari eusten ziotenak % 44,6 ziren aurretik eta % 76,6 ondoren. “Datuek erakusten dutenez, nabarmen emendatu da ohitura hauek barneratu eta praktikara daramatzaten hiztunen kopurua”, azpimarratu du Iciarrek.
Hurrengo edizioan arreta berezia jarri nahi dute antolatzaileek ohitura hauek gizarteratzeko eta errotzen jarraitzeko. “Izan ere, ez dira gauetik goizera modu masiboan zabalduko. Horregatik da garrantzitsua Euskaraldiaren ariketa soziala errepikatzea eta proposamen horiek berritzea, gizarteari urrats horiek egin ditzan berriro planteatzea eta pedagogia sozial indartsua burutzea aldian behin” dio Iciarrek.

Partaidetza zabala duen ariketa
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuaren esanetan, Euskaraldiaren helburu nagusia hiztunen hizkuntza-ohituretan eragitea da. Beraz, Euskaraldia eraginkorra izango bada, konpromiso zehatzak hartuko dituzten herritarren partaidetza zabala behar du. Zupiriak esan duenez, “Euskaraldiak bere helburuak bete ditzan, herriz-herriko eta auzoz-auzoko dinamizazio eta aktibazio sozial zabala eskatzen ditu”.
Bestalde, sailburuak esan duenez, Euskaraldiak adostasun handia biltzen du, eta hori da duen indargunerik nagusienetako bat. Esparru askotan ikuspegi desberdinak izan ditzaketen pertsonak edo erakundeak biltzen dira Euskaraldian. “Bateratasun horrek indar biderkatzailea du, eta euskararengandik urrun dagoen asko erakartzeko balio du; horrek ere, hein handi batean, egiten du eraginkor ariketa, indar metaketa, gutxinaka aurrera pausoak ematea, hizkuntza-ohiturak denen laguntzarekin aldatzea”.
Javier Arakama Euskarabideako zuzendari kudeatzailea Euskaraldiaren eraginaren inguruan mintzatu da; bere esanetan, ariketaren helburua pertsonen arteko harremanetan (ahozkoetan bereziki) euskararen aldeko hizkuntza-ohiturak sendotzea edo aldatzea da. “Hori da bere jomuga, eta horretara mugatzen da. Beraz, Euskaraldia ez da euskarak dituen behar eta gaitz guztien sendagailua”.
Baina, era berean, ariketak hausnarketarako eta eztabaidarako aukerak eta aitzakiak ere ugaltzen dituela esan du Arakamak: euskararen gaiak agenda sozial, politiko eta komunikatiboan lehentasunezko lekua hartzen du ariketaren ingurumarian. “Herritarren artean ere, hizkuntzaren gaiak ohikoa baino presentzia handiagoa hartzen du: lorpenez eta zailtasunez, ikusitako aurrerapauso eta inkoherentziez, ilusioez eta kezkez aritzeko”, aipatu du. Horiek guztiak ere Euskaraldiaren lorpenak izanik, hurrengo edizioan ere, lorpen horietan sakontzen jarraituko dutela adierazi dute antolatzaileek.

Elkarlana eta gobernantza-eredu berriak
Javier Arakamak azpimarratu duenez, Euskaraldiaren antolaketan euskararen eremu osoko administrazio-erakunde guztiak, euskalgintzako erakundeak eta era guztietako hainbat eta hainbat entitate eta elkarte aritzen dira. Antolaketa konplexua da, eta gobernantza-eredu berritzailea eta interesgarria ekarri du.
Arakamaren hitzetan, “eredu honetan sakontzen jarraitzea izango da hurrengo Euskaraldiaren beste helburuetako bat, sinisturik baikaude elkarlana eta herritar, erakunde eta entitateen atxikimendu praktikoa ezinbesteko oinarria direla, eta izango direla, euskararen biziberritze-prozesuak aurrera egin dezan”.
Gainera, prentsaurrean bildutako kideek aipatu dutenez, euskararen biziberritze-prozesu hau erreferentzia garrantzitsua da munduko beste hainbat hizkuntza-komunitaterentzat. Hain zuzen ere, Euskaraldia ere baliagarria da nazioarteko harremanetarako eta euskal esperientziaren berri munduan zehar zabaltzeko.
“Edizioz edizio ikusi dugu eragina duela gizartean, eta Euskaraldiak euskararen erabileran aldaketak ekartzen dituela ikusarazten jarraituko dugu hurrengo ariketan ere. Euskaraldian benetan sinesten dugulako” bukatu du Goiatz Urkijok.

Informaziorako

Jarrai gaitzazue sareetan